Laxoa aski hurbiletik ezagutzen duen Tiburtzio Arraztoak pilota modalitate honi buruzko bertze liburu bat argitaratu berri du: “Laxoa, la pelota en la plaza” izenburupean. Aurkezpen ekitaldia abenduaren 17an, ortziral arratsaldeko 18:00etan egin zen Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxeko lehen solairuan.
Tiburtzio Arraztoa Iruritakoa da sortzez, baina Donezteben bizi da aspaldian, San Miguel ikastetxeko irakasle. Laxoaren inguruan denetarik izan da Arraztoa, pilotari (baita txapeldun ere), antolatzaile, epaile eta batez ere, “pilota modalitate zaharrenaren” ikerle. Ikerketa horien ondorioz, lehendik ere baditu zenbait liburu argitaratuak. Laxoaren Gida argitaratu zuen lehenik Txuma Primekin batera, eta 2004an, “Guante-Laxoa, la modalidad mas antigua de la pelota vasca” argitaratu zuen, 540 orrialdetan laxoaren historia, jokalari onenak, azken urteotako txapelketak eta hainbertze xehetasun bilduz.
Oraingo liburu honetako 300 orrialdetan eta 34 kapituluetan, hainbertze argazki eta ilustrazio biltzen ditu, txapelketa ofizialen eta desafioen informazioa, baita laxoa eta plazen inguruan gertatutako bitxikeri aunitz ere. 25 eurotan salduko da.