Maika Ariztegi eta Fernando Etxegarai dira aurten ere Euskadiko Txokor-Biltze Txapelketako txapeldunak. Ariztegi iturendarrak bederatzigarren urtez jantzi du txapela eta gainera, berak orain dela bi urte (2008) ezarritako marka ondu du lau segundoan. Etxegarai beratarrak, berriz, zazpigarren urtez jantzi du txapela, eta lau segundogatik ez du hobetu berak 2008an ezarritako marka. Azaroaren 20an, jokatu zen txapelketa, Ozetan (Araba).
Bederatzigarrena Ariztegirentzat
Ariztegik 7 minutu eta 21 segundo behar izan zituen 2008an marka ezartzeko. Joan den urtean bi segundo gehiago behar izan zituen eta aurtengoan 07:17an saskiratu zituen 50 txokorrak, eta hori bi aldiz bota zuela txokorra saskitik kanpo. Saioa akitutakoan, sinetsi ezinda gelditu zen marka berriro hobetu zuela erran ziotenean.
Etxegarairentzat zazpigarrena
Etxegarai kasik hutsik egin gabe aritu zen proba osoan, eta saioaren hasieran ez zuela 2008ko marka onduko (06:18) adierazi arren, lau segundora gelditu zen eta txapela jantzi zuen. Aurten, hala ere, bi aldiz ondu du Euskadiko Txapelketako marka: Nafarroako Txapelketan eta Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketan, bietan txapeldun izan eta 50 txokorrak 06:11n saskiratu zituen.