Oihan Larretxea Euskadiko lehen mailan ariko da heldu den urtean

TTIPI TTAPA 2010eko abenduaren 16a

Oihan Larretxea eta Ander Erasun, aizkorarekin lanean Donezteben. Koldo Alduntzin

Finalean azpitxapeldun izan da Lasaren gibeletik

Jexuxmari Lasa gipuzkoarrak irabazi du II. Mailako Euskadiko Aizkora Txapelketa. Lehenengoz jantzi zuen txapela azaroaren 19an Donezteben, baina Oihan Larretxea beratarraren lana ere azpimarratzekoa izan zen, txapeldunorde gelditu baitzen eta horrenbertzez, biek lortu zuten heldu den denboraldian Euskadiko Maila Nagusian ari­tzeko txartela. Lasa txa­peldunak minutu eta 14 segundoko aldea­ atera zion Larretxeari.

Ondoko sei aizkolariak aritu ziren lehian: Xabier Mindegia (Bein­tza Labaien, 26 urte), Oihan Larretxea (Bera, 20 urte), Jexuxmari Lasa (Legorreta, 36 urte), Manuel Kañamares (Arostegi, 46 urte), Ander Erasun (Aurtitz, 20 urte) eta Ugaitz Muger­tza (Mutriku, 23 urte). Bakoitzak seina pago-enbor moz­tu zituen: bi kanaerdiko, bi 60 on­tzako eta bi oinbiko.

Kanporaketako denborarik onena Mindegiak egina zuen (15:02), baina Donezteben hastapenetik hartu zuen probaren burua Lasak eta horrela segitu zuen az­ken aizkorakada eman arte. Azken egu­rrean biziki ahalegindu zen Larretxea Lasa gain­ditzen, baina aldea handi samarra zuen txapel­dunak ordurako. Hala ere, Larretxeak bigarren postua lortu nahi izan zuen kosta ahala kosta, eta bai lortu ere. Beraz, heldu den sasoian lehenengoz ariko da Maila Nagusian Berako gaztea.

 

Sailkapena

1. J. Lasa: 23:17.

2. O. Larretxea: 24:31.

3. U. Mugertza: 25:52.

4. A. Erasun: 26:22.

5. X. Mindegia: 27:15.

6. M. Kañamares: 27:55.

 

LARRETXEAN FIN

Txapeldunarengandik minutu eta 14 segundora gelditu zen Oihan Larretxea finalean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun