Azkeneko urteetako ohiturari eutsiz, urte bukaerako besta ospatu zuen Arkupeak jubilatu, pentsionista eta alargunen elkarteak azaroaren 20an Donezteben. 600 bat bazkide bildu ziren hitzordura, baina Felipe Ganboa elkarteko presidentea ez zen ekitaldian izan, egun berean hil baitzen Juanita bere arreba. Hortaz, heldu den urteko ekainean kargua uzteko asmoa duen presidentearen diskurtsorik gabe joan zen eguna.
Eguerdian, hildako bazkideen omenez, Mikel Biain apezak meza eman zuen Doneztebeko elizan eta bertsolariak ere aritu ziren. Ondotik, bazkaria izan zuten kiroldegian. Bazkalondoan, dantzaldia Jalisko Band taldearekin.
Arkupeak elkarteak eskualdeko eta Irun edo Iruñea aldeko 3.500 bazkide ditu gaur egun. 1986ko ekainaren 30ean sortu zen eta beraz, heldu den urteko ekainean Zilarrezko Ezteiak ospatuko ditu.
DATUA
25 URTE beteko ditu Arkupeak elkarteak 2011ko ekainean eta orduan utziko du kargua Felipe Ganboak.