Senpertarra, laboraria, bertsularia eta aitzindaria…Hitz hauek laburbiltzen dute Matxin Irabola (1879-1935) bertsulariaren bizia. Gizon hunen bizi zinez interesgaria ezagutarazteko xedearekin bere biografia idatzi du Franck Dolosor Haltza berriketari senpertar gazteak. ELKAR argitaletxeak plazaratu duen liburuan jakiten da maila haundiko bertsulariaren aita aranoarra zela eta ama saratarra. Orain arte, Irabolaz eta Senperez sekulan jakin ez diren xehetasun frango agertzen du Dolosorren bigarren liburu hunek. Hazilaren 28an Larraldea baserrian egindako aurkezpen ekitaldian, idazleak eskerrak eman zizkion Andoni Iturriotzi Bertsularien Lagunak elkartearen esku utzi baitu bere etxea, Amotz Larraldea, eta bertsulari haundiaren itxura duen oroitarria eman zion –ikus beheitian dagoen ezkerreko argazkia–. Kazetariaren ustez, Matxinek begi onez ikusiko luke laguntza paregabe hori. Ondotik, bertsu saio zinez goxoa iragan zen Amets Arzallus, Sustrai Colina, Mixel Aire Xalbador, Fermin Mihura eta Joana Itzainarekin –argazki nagusia–. Informazio gehiagorako http://matxinirabola.unblog.fr Interneteko ataria bisita daiteke.