Ohikoez gain, bertzelako kontuak Udazkeneko Ferian

TTIPI TTAPA 2010eko abenduaren 15a

Aitor Arotzena

Udazkeneko Feria egunean jendetza ibili zen herrian eta Merkatuko Plazan ez ezik, herri osoan barna hedatuta zeuden postuetan harat-honatean. Aziendei dagokienez, 30 bat behi buru eta 15 bat behor eta pottoka izan ziren plazan. Piriniar eta suitzar arrazako behiekin batera, salers eta charolesa arteko nahasketa diren behiak ere ikusi ziren. Eliz atarian, berriz, Zubietako talo-egileak eta Saharaztangoen tonbola ere izan ziren, azken hau inoiz baino gehiago Saharako herria­ri babesa eskaintzeko asmoarekin. Alhondigan, Emakume Baserritarren Begirada argazki erakusketa egon zen zabalik eta Anasaps-Dizdira Elkartean ere Ate Irekien Eguna egin zuten eta bulego barrenean buruko gaixotasunak dituztenen arte eta kultur adierazpenak ikusteko eta irakurtzeko aukera izan zen. Merkatuko Plaza ondoko zubian, bertzalde, Marmoles Baztango langileek ere bere aldarrikapenaren berri eman zuten, Despidorik ez!, Solución ya zioen pankartaren gibelean. Arratsaldean, Feria Eguna borobiltzeko, herri kirol saio bikaina izan zen frontoian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun