«Euskara zerbitzuek garapen handia izan dute. Baina zoritxarrez, bultzatu duten garapenak ez du [Nafarroako Gobernuaren] pareko dirulaguntzaren hazkunderik izan, kontrakoa baizik». Horrela salatu zuten azaroaren 30ean Euskararen Erabilpena Udal Esparruan Normalizatzeko Lankidetza Hitzarmeneko Jarraipen Batzordeko kideek Iruñean egindako agerraldian. Hitzarmena Duintasunez Hornitzeko Mozioa sinatu dute Nafarroako 80 entitatek, tartean daude eskualdeko 23 udal: Baztan, Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi, Lesaka, Arano, Areso, Goizueta, Leitza, Bertizarana, Beintza-Labaien, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Eratsun, Ezkurra, Ituren, Oiz, Saldias, Sunbilla, Urroz eta Zubieta.
Toki Administrazioaren arloan euskararen erabilpena babestu, berreskuratu, bultzatu, garatu eta normaltzeko, 1998an sinatu zuten tokiko entitateek eta Nafarroako Gobernuak Euskararen Normalizaziorako Lankidetza Hitzarmena, hau da, alor ekonomiko, tekniko eta antolamendukoan lankidetza. Baina 10 urtera, «dagozkion konpromiso ekonomikoak betetzetik oso urrun» dagoela kritikatu dute. 1999an euskara zerbitzuek gastatutakotik Gobernutik %43,3 jaso zen eta aurten %6,12 baino ez. «Agerian gelditu da murrizteko asmoak azken bi urtetako krisialdi ekonomikoarekin lotura zuzenik ez duela, jaitsierarik handiena 2005ean eman baitzen: %43koa».
Toki entitateentzako diru-saila Gobernuaren aurrekontu osoaren %0,028 izan zen 99an eta 2010erako %,0037koa izanen litzateke. Hala, Gobernuak guttieneko hornidura ekonomiko duina jartzea «ezinbestekotzat» jo dute eta 2010erako 1.235.000 euro «egokiak» direla iritzi diote.