Hainbat sari lortu dituzte Elizondo, Bera eta Etxalarko kantariek

TTIPI TTAPA 2010eko abenduaren 15a

Etxalarko Dantzadi taldeak «talde lanagatik eta interpretazio ede­rra­gatik» hartu du saria. Horrez gain, Elizagoien ahizpek Euskal Herriko trikitilari gazteen txapelketa irabazi dute. Benantxio Eliza

Elisa Perotxena, Uxua Andueza eta Dantzadi taldea izan dira sarituak

Azaroaren 20an jokatu zen Nafarroako Euskal Kantu Txapelketako azken saioa Elizondoko Lur dantzalekuan eta aurtengo edizioan parte hartu duten 22 lagunen artean nabar­men­du­ta­koak aritu ziren. Giro bikaina izan zen eta jendearen eran­tzuna ere ona izan zen, 400 bat lagun hurbildu ziren saioa ikustera. Be­rriki zendu den Jose Antonio Labordeta kantariari ere omenaldi eskaini zitzaion.

Sorkuntza-lana, eta era modernoan eta zaha­rrean kantatzeko dohainak izan ziren sari­tutako ezaugarrietako ba­tzuk eta azken ho­rre­tan, hain zuzen, biga­rren saria Elizondoko Elisa Pe­rotxe­nak eta Ziau­rriz­ko Iñaki Gerendiainek lortu zuten Baldorba kantuarekin.

 

Sari bereziak

Bertzelako sari bere­ziak ere banatu ziren. Tartean, Berako Uxua Anduezak eta Alkozko Amaia Oiartzunek Interpretazio ed­e­rra eta aipa­men berezia sorkuntzako lanagatik jaso zuten aipamena. Etxa­larko Dan­­tzadi taldeak ere saria hartu zuen, talde la­naga­tik eta in­terpre­ta­zio ede­rra­ga­tik. Irune eta Itsa­so Elizagoien ahiz­pek eta David eta Iñigok osa­tzen dute Dantzadi taldea.

 

Euskal Herriko trikitilari gazteen txapeldun

Etxalarko Irune eta Itsaso Elizagoien ahiz­pek Euskal Herriko trikitilari gazteen txapelketa ere irabazi dute. Azaroaren 28an, Zaldibarren (Bizkaia) jokatu zen txapelketaren XIX. edizioa eta bikain aritu ziren, Euskal Herri osoko zortzi bikoteren artean nabarmenduz.

Biz­kaiko Trikitixa, Porrusalda, Azkorgain fandangoa eta Arin-Arina jo zituzten. Etxa­larko ahiz­pak lehendik ere Lesakako edo Malerrekako txapelak irabaziak badira ere, orain arteko garaipenik handiena lortu dute trikitixa eta panderoarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun