«Oso pozik gira horrelako proiektu bat sortu izana herriko jendearekin»

Joanes Garcia 2010eko abenduaren 15a

‘Oroitzapenetik bidaiarat’ ikusgarriaren antolatzaileetako batzuk. Joanes Garcia

‘Oroitzapenetik bidaiarat’ ikusgarria taularatuko du Zazpiak Bat dantza taldeak igande honetan Sarako kiroldegian. Ikuskizunetik haratago, ordea, badu helburu argi bat: Seaskako Integrazio Batzordeari laguntzea, alegia, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Xiberuko ikastoletan ahalmen urriko haurren eskolaratzea sustatzeko lanean ari den elkarteari laguntzea. 100 bat partaide mobilizatuko dituen gertakizun honen kari, zonbait urtez taldearen arduraduna izan den Claire Grillard gaztearekin solastu gira.

 

ISTORIOA

«Euskal Herriko sukalde batean Beñat eta Mayi aitatxi eta amatxiek haien gaztaroan gertatutako istorioa kondatzen diote haien alaba ttipiari flasback moduan. Aitatxi arrantzalea zen eta haren lehen atun kanpaina kondatzen dio. Bidaia uste baino luzeagoa izan zen...»

 

Zazpiak Bat dantza taldea aurkeztuko diguzu bi hitzetan?

70. hamarkadan sortua da. Taldearen betekizun nagusia euskal dantza erakastea da eta gaur egun, 50 haur ari dira dantzan, 20 nerabe eta 10 neska heldu. Horrez gain, beste 15 helduk urtero dan­tza berri bat ikasten dute eta aurtengoan Larrain izan da. Alabaina, taldea ez da hortara mugatzen bakarrik; xistu kurtsoak eskaintzen dizkiegu 8 gazteri. Ai­tzineko urtean, trikitixa hastapen bat izan zen. Azpimarratu nahi nuke, hiru urtez Armando kubatar erakasle batek saltsa kurtsoak ere eman zituela.

Nolatan sortu da Integrazio Batzordearen aldeko ikusgarria egitea?

Integrazio Batzordearen alde zerbait egin nahi ginuen. Hastapen batean, nesken arteko sorkuntza ttipi bat aipatu ginuen. Baina ideia garatzen joan zen heinean, herriko beste elkarteei parte hartu araztera erabaki zen. Ondorioz, antzerki eta kantu taldeak proiektuan sartu ziren. Beste helburu nagusi bat taldea dinamizatzea izan da.

Dirutza behar da hori dena plantan ezar­tzeko, ezta?

Bai xahutze handienak soinu eta argi ekipoa­ren­tzat, jantzientzat, berogailuarentzat eta publizitatearentzat izan dira. Baina laguntza ere ukan dugu eta eskertu nahi genuke. Sarako Herriko Etxeak lagun­tza ederra ekarri digu logistika mailan. Euskal Kultur Erakundeak eta Sarako komertziante eta artisauek dirulaguntza eman digute. Azkenik, Euskararen Erakunde Publikoak fran­tses eta gaztelerazko itzulpeneretarako 40 kasko uzten dauzkigu.

Ikusgarriaren edukia zein izanen da?

Antzerkia eta dantza nahasten dituen ordu bat eta erdiko ikusgarri bat da. Tarteka ber­tsu eta kan­tuak ere izanen dira. Dena euskaraz, noski. Kiroldegian izanen da igande honetan, 18:00etan, eta ondotik, jateko eta edatekoa egonen da. Sar­tzea 10 eurokoa izanen da helduentzat eta 6 eurokoa 6-16 urte bitartekoentzat.

Kontaiguzu ipuina...

Euskal Herriko sukalde batean Beñat eta Mayi aitatxi eta ama­txiek haien gaztaroan gertatutako istorioa konda­tzen diote haien alaba ttipiari flashback moduan.Aitatxi arran­tzalea zen eta haren lehen atun kanpaina kondatzen dio. Bidaia uste baino luzeagoa izan zen...

Nork parte hartu du? Herriko jendeek baikor erantzun du?

Bai, hori sorpresa ederra izan da. Adibidez, dantza duela 10 urte baino gehiago utzi zuten batzuk berriz etorri zauzkigu arrunt motibatuak. Orotara 15 antzerkilari, 10 kantari, 2 bertsulari, 60 haur eta 30 heldu dantzari eta 5 musikarik parte hartuko dute.

Laguntza zerbait ukan duzue sormenean ala kudeaketan?

Bai eta laguntzaile horiek bihotzetik eskertu nahi genituzke. Miren­txu Ibargaraik antzezlana zuzendu du.Ttoni Basurkok elkarrizketak idatzi ditu. Sebastien Zamorak musikak sortu ditu. Eta nola ez aipatu Delphine Goyene­tche. Berak du trama idatzi eta lan aunitz egin proiektua aitzinera ateratzeko.

Azken hitz bat?

Oso pozik gira horrelako proiektu bat sortu izana herriko jendea­rekin. Ez da beste munduko maila batekoa, baina helburua ez zen hori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun