Bertze urte batez, Mendiaren Eguna antolatu du Erreka Kirol Elkarteak. Larunbatean, hilak 18, eginen da.
07:30ean mendi irteera eginen da Leurtzako Zirkora. Hartara, Errekak Bonozorrotz mendian duen buzoia bisitatuko da, nahiz eta aurten ezezagunek hautsia duten.
13:00etan mendizale-poteoa izanen da eta 14:30ean bazkaria Kasinon. Bazkarira joan nahi dutenek txartelak Titi Ostatuan eskura ditzateke, ortzeguna baino lehen.
Dena den, Zineman eginen den eguneko ekitaldi nagusiari 19:30ean emanen zaio hasiera. Aurten ere goi mailako mendizale bat etorriko da: Juan Vallejo, hain zuzen, eta Broad Peak 2010 proiekzioa eskainiko du. Alberto Iñurrategi eta Mikel Zabalzarekin balentria haundia egindakoa da Vallejo (Gasteiz, 1970), Erdiko Broad Peak-ean bide berri bat ireki eta Broad Peak-eko hiru puntak kateatzea lortu baitute, soka finkorik eta garraiolaririk gabe eta dena bizkar gainean garraiatuz.