Santa Luzia eguna ospatu zuten abenduaren 13an Donezteben eta urtero bezala, jostungintzan aritutako pertsona bat omendu nahi izan zuen Udalak, Zilarrezko Titarea emanez. Aurten, Maria Dolores Sarrateak jaso du ohore hori, baita Juana Muñoz eta Ana Etxeberria zinegotziek emandako lore-xorta ere. Dena dela, Llollok garbi utzi nahi izan zuen sari hori bere ahizpa Mercedesentzat ere bazela, “bera izan baitzen jostuna eta ni laguntzaila bertzerik ez”, gogoratzen zuen hunkiturik. Horregatik, Dolores Sarratea eta Jaione, Nekane eta Fran Ezkurra bere seme-alabak ekitaldia akitu eta Donamariko hilerrira joan ziren, lore-xorta Mercedesen hilobian jartzera.
Abenduaren 13an meza, omenaldia eta eskulangileen erakusketa antolatu ziuzten Doneztebeko Udalak eta Cederna-Garalurrek, 1999an ospakizun hau berreskuratzen hasi zirenetik urtero egin duten bezala. Eskulangileak elizatarian jarri zituzten beraien lanak: Miguel Urroz, Juan Pedro Goñi, Jon Olaizola eta Santiago Hualderen zur lanak; Bittoriano Arzuagaren artile lanak; Fausti Juanikorenaren ehunak; Jose Luis Olaizolaren grabatuak; Malu Alvarezen zilar lanak; artilean eta ehunean Amaia Agirrek egindako lanak edo Marui Salanuevaren xaboiak, Zubietako Joxepa Loiarte eta konpainiaren taloak atzendu gabe. Kibbi enpresaren kiwiak ere salgai jarri zituzten.
Zilarrezko Titareak
Urtez urte, hauek izan dira Zilarrezko Titarea jaso dutenak Doneztebeko Udalaren eskutik:
Maria Eraso (1999)
Patxi Astiz (2000, gizaseme bakarra)
Mari Carmen Elizalde (2001)
Virtudes Etxebeste (2002)
Pepita Apeztegia (2003)
Pakita Andiarena (2004)
Mariela Olaizola (2005)
Angeles Buenetxea (2006)
Maria Teresa Mindegia (2007)
Loli Ostolaza (2008)
Mari Cruz Arregi (2009)
Maria Dolores eta Mercedes Sarratea (2010)