Uda denboraldi kaxkarra izan zen lan arloan eskualdean, ekainetik irailera 121 langabetu gehiagok eman baitzuten izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan. Urrian joera horri buelta eman zitzaion, baina azaroan ere lehengo bidera bueltatu da, 24 langabetu gehiagorekin bukatu baita hilabetea, %2,15eko igoera. Nafarroako banaz bertzekotik (%1,02) goiti igo da langabezia eskualdean eta 1.140 lagun daude lanik gabe. Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 380 kontratu gauzatu ziren azaroan, baina horietatik 66 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.
25 urte baino gehiagokoetan goiti, gazteetan beheiti
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 493tik 505era igo da langabetu kopurua azaroan eta adin tarte horretako emakumeen artean, berriz, 485tik 504ra. 25 urtez beheitikoen arteko gizasemetan aldiz, 82tik 78ra jautsi da langabetu kopurua eta adin horretako emakumeetan, 56tik 53ra jautsi da.
Zerbitzuetan eta eraikuntzan goiti
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, alde handiarekin, langabetu gehien, eta azaroan ere igo den arlo bakanetakoa izan da, 637tik 660ra, 23 gehiago. Industria arloan, aldiz, 3 langabetu guttiago daude, 250etik 247ra jautsi baita. Eraikuntzan lau lagunetan igo da langabetu kopurua, eta 147 lagun dira orain; nekazaritzan berdin mantentzen da, 20 langabetu ziren azaroan ere eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean ere, 66 langabetu ziren azaro hondarrean, urrian bezalaxe.