Etortzear dagoen zubi honetan, Kultur Egunak antolatzen ditu urtero Iturengo Ibintza Kultur Taldea. Baina aurtengoan hilabete osoan hainbat ekitaldi eginen ditu. Ortziralean bertan, erraterako, ilunabarrean, Herriko Etxeko Ganbaran 21:30ean talo-jatea izanen da, eta tripa ederki bete ondotik, mus txapelketa eginen da goizeko ordu ttikiak arte.
Larunbatean, berriz, haurren eguna izanen da: goizean haurrendako tailerrak eginen dira, eguerdian haurren bazkaria Ganbaran eta arratsaldean haurrentzako ikuskizuna izanen da 16:00etan, Txoborro magoaren eskutik. Arratsean bertso afaria musikarekin izanen da. Bixente akordeoilaria ariko da eta beraiekin batera Uxue Alberdi eta Garmendia bertsolariak.
Igande arratsaldeko 18:00etan, Txirene antzerki taldeak “Ogirik ekarri ez zuen semea” emanaldia eskainiko du eta ondotik berendua izanen da.
Ekitaldi hauek abendu hasieran izanen badira ere, aipatu bezala, hilabete osoan ekitaldi gehiago izanen dira, eta aurrerago aipatuko ditugu gainerako hitzorduak.
Boletoak
Abenduko Kultur Egunak, Joaldunen Eguna, dantza ikastaroak, Trinitate Eguneko bazkaria, antzerkiak… Hainbat ekitaldi antolatzen ditu urte osoan Ibintzak, eta horiek finantzatzeko diru iturri garrantzitsuak diren boletoak herriko komertzio eta ostatuetan paratu ditu salgai. Lehenbiziko saria ederra izanen da: asteburu bat bi pertsonendako landetxe batean eta Iturengo Herriko Ostatuan lau lagunendako afaria; bigarren saria bainuetxe batean bi pertsonendako zirkuitua eta sari ttiki bat izanen da eta hirugarrena Altxunean bi pertsonendako afaria. Zozketa Errege bezperan eginen da eta inauterietarako sariduneik ateratzen ez bada Inauterietako kontu egunean eginen da berriz.
Bestalde, Kultur Taldetik deialdia luzatu diete herritarrei kide berriak behar dituztelako ideia berriak aitzinera eramateko.