Mariano Izeta bertso sariketa jokatuko da abenduaren 8an Elizondon

TTIPI TTAPA 2010eko abenduaren 2a

Abenduaren 8an jokatuko da Mariano Izeta sariketa. Artxiboko argazkia

Bertso hitzordu gehiago ere izanen dira egunotan Lesakan eta Donezteben

Bi urtetik behin egiten den Mariano Izeta bertso Sariketa abenduaren 8an eginen da, asteazkenarekin, Elizondoko eliza ondoko aretoan. Nafarroako 13 bertsolari gazte ariko dira lehian: Aimar Karrika (Auritz); Iker Gorosterrazu (Ituren); Ioar Tainta, Josu Sanjurjo eta Iban Garro (Lesaka); Saioa Alkaiza (Antsoain); Iñaki Aleman (Irurita); Jose Luis Barberia Zili (Leitza); Irati Majuelo, Haizea Beruete eta Ainhoa Aranburu (Iruñea); Amaia Elizagoien (Oronoz) eta Patxi Castillo (Bera). Goizez bi kanporaketa eginen dira, eta 17:30etik aitzinera finala sei bertsolarirekin.

Bertso afaria larunbatean Lesakako Arrano elkartean

Lesakako Gazte Asanbladak antolatuta bertso afaria izanen da abenduaren 4ean, larunbat arratseko 21:30ean Arrano Elkartean. Sustrai Colina, Arrate Illaro eta Xabier Silveira ariko dira kantari. Sustraik eta Silveirak aurkezpenik ez dute behar. Beharbada Arrate Illaro da ezezagunenea, baina Bizkaiako Eskolarteko txapelketa edo Ipar Uribeko txapelketa irabaziak ditu algortarrak. Afariaren prezioa 18 eurokoa da eta txartelak abenduaren 3a baino lehen hartu beharko dira Arranon bertan. Bertsolariek ez ezik, gainerakoek ere izanen dute bertsoak osatzeko aukera, bertso paper lehiaketa bat eginen baita eta irabazleak bi lagunentzako afaria izanen du saritzat.

Malerrekako bertso txapelketa ortziralean

Bertso kontuekin akitzeko, Malerrekako taldekako bigarren txapelketa jokatuko da abenduaren 3an, ortziral arratseko 20:00etan Doneztebeko Ekaitza elkartean, bi hirukoteren artean. Iker eta Egoitz Gorosterrazu eta Alazne Untxalo iturendarrek osatuko dute talde bat, eta Irati Arrieta, Maialen Belarra eta Ander Fuentes Itturrik bertzea. Irabazleek, abenduaren 10 eta 11n jokatuko den Bortzirietako taldekako hamabigarren txapelketarako txartela izanen dute jokoan.

Gazte Burrunba taldeak bertso afaria antolatu du abenduaren 11n

Donezteben Urtero bezala, Gazte Burrunba Taldeak bertso afaria antolatu du abenduaren 11rako Donezteben. Iker Zubeldia eta Jexux Mari Irazu gonbidatu dituzte eta Aranzoko elkartean izanen da saioa, 21:30etik aitzinera.

Afarira joan nahi dutenentzat, txartelak Titi ostatuan paratu dituzte salgai, 25 eurotan Burrunbako bazkideendako eta 30 eurotan gainerakoendako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun