Amaiurko sokatira taldeak irabazi du Nafarroako txapelketa guziak

TTIPI TTAPA 2010eko azaroaren 29a

Amaiurko mutilak eta neskak, kontent, Nafarroako txapel guzien jabe egin ondotik. Legarra

Gizonezkoak bi kategoriatan eta emakumezkoak bakarrean nagusitu dira

Amaiurko sokatira taldeak Nafarroako txapel guziak irabazi ditu aurten, bai gizasemeen bai emakumeen artean ere. Zugarramurdin jokatu zen azkeneko jardunaldia azaroaren 27an, eta aitzineko saioetan bezalaxe ez zuten hutsik egin amaiurtarrek. Gizonek, zortzinaka, 590 eta 630 kiloz beheitiko txapelak jantzi dituzte eta emakumezkoek, seinaka, 375 kiloz beheitikoa.

Amaiurko sokatira taldeak Nafarroako txapel guziak irabazi ditu aurten, bai gizasemeen bai emakumeen artean ere.

Azaroaren 27an, larunbat arratsaldean jokatu zen azken jardunaldia Zugarramurdin. 375 kiloz beheitiko kategorian seinaka aritu diren emakumeendako hirugarren eta hondar jardunaldia zen eta Amaiurko taldeak ez zuen ezusterako tarterik utzi. Aitzineko bi saioetan bezalaxe, tiraldi guziak bereganatu zituzten. Bigarren Basaburua-Imotz izan zen eta hirugarren Berriozar. Sailkapen orokorrean, beraz, 9 puntu lortu ditu Amaiurrek, 6 Basaburua-Imotzek eta 3 puntu Berriozarrek.

Amaiurko emakumezkoen taldean Ester eta Maite Iriarte (Narbarte), Miren, Jone eta Maite Bengoetxea (Urdazubi) eta Sakanako Naiara Mundiñano, Oihena Etxeberria, Arantza Serrano eta Aitziber Biurrun aritu dira.

Emakumeek bezalaxe, gizasemeek ere 590 kiloko txapela jantzi zuten. Zortzinaka, 590 kiloko bigarren eta azken jardunaldia zuten eta oraingoan ere tiraldi guziak irabazi zituzten. Bigarren Basaburua-Imotz izan zen eta hirugarren Txantrea. Sailkapen orokorra ere horrelaxe gelditu zen. Beraz, Amaiurrek 590 eta 630 kiloz beheitiko txapelak jantzi ditu gizasemeetan.

Amaiurko taldean, Fermin Iparragirre (Elizondo), Oskar Telletxea (Igantzi), Joxemi Bengoetxea (Urdazubi), Juanma Irigoien (Elizondo), Joxean Iriarte (Amaiur), Migel Joxe Ariztia (Amaiur), Esteban Mendiburu (Azpilkueta), Iñaki Iriarte (Amaiur) eta Iñaki Urrutia (Amaiur) aritu dira. Koldo Goienetxe eta Joxe Urrutia amaiurtarrak izan dira entrenatzaile eta Mikel Altzuri beratarra arduratu da prestakuntza fisikoaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun