Malerrekako Eskola Ttikien Topaketa eginen da azaroaren 26an Sunbillan

Irati ARRIETA 2010eko azaroaren 25a

Sunbillako ikasleak eta irakasleak joan den ikasturte bukaerako bestan. Ortziralean, Malerrekako eskola ttikietako ikaskideak hartuko dituzte herrian. Artxiboko argazkia

Lehen aldiz elkartuko dira eta egun osoko egitaraua prestatu dute ortziralerako

Beintza-Labaien, Eratsun, Ituren, Legasa, Narbarte, Saldias eta Sunbillako eskoletako neska-mutikoen topaleku bihurtuko da ortziral honetan, azaroak 26, Sunbilla. Malerrekako eskola ttikien eguna antolatu baitute zazpi herrietako eskolek elkarlanean. 161 ikasle dituzte aipatutako ikastetxeek eta denak ez bada ere, horietako aunitz bilduko dira. Aurten lehen aldiz antolatu den ekimen honen helburua ikasleen arteko harremanak sendotzea eta horrekin batera, ekin­zak euskaraz egitea da.

 

Goiz eta arratsaldez

Herri bakoitzetik gurasoekin etorriko dira haurrak autoetan eta buelta ere hala eginen dute. 09:30ean elkartuko dira eta 16:00 arte ongi pasatzeko hainbat jarduera izanen dituzte.

Ikasleak hiru taldetan banatuko dira: Haur Hezkuntzakoak alde batetik, Lehen Hezkuntzako lehen ziklokoak bertzetik eta hirugarren taldean Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren ziklokoak. Aldi berean, hiru txoko antolatuko dituzte: haur jokoen txokoa, Pello Añorga ipuinkontalariarena eta mahai jokoena. Ikasleak batetik bertzera ibiliko dira.

Eguerdian pilotalekuan bazkalduko dute eta ondotik, musika ere izanen da. Etxerako bidea hartu aitzinetik, txokolatada izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun