Azaroaren 25ean, ortzegun goizeko 08:04 aldera N-121-A errepidean, Doneztebe eta Sunbilla arteko 48. kilometro inguruan istripua izan da Irunerako norabidean. Autoak eta trailer batek elkar jo dute eta, ondorioz, autoaren gidaria hil da. Istripuaren lekura anbulantzia eta Doneztebeko medikua eta erizaina joan dira, baita Oronozko bonberoak ere, baina istripua gertatu eta berehala hil da autoaren gidaria. Doneztebeko Talleres Ederkiko langilea zen hildakoa, sortzez irundarra, baina Beran bizi zena. Kamioi gidariak ez du zauririk izan. Istripuaren ondorioz, hildakoaren gorpua atera eta autoa kendu arte itxia egon da ibilgailu motelendako karrila, Irunerako norabidean. Bertze bi karrilak erabiliz bideratu du trafikoa Foruzaingoak.
Puntu beltza izendatzeko eskaria
Istripua dela-eta, bere haserrea adierazi du Baztan-Malerreka eta Bortzirietako Ezker Abertzaleak, ez baitu uste hilabete batean errepide zati berdinean bi hildako izatea kasualitatea denik. “Gaur den egunean dauden lan baldintza exkaxak eta denbora estutzeak, txoferrak limitean ibiltzeak ekartzen du eta kamioien abiadura izugarri azkartu da azken urteotan”, idatziaren arabera. N-121-A errepidea orain dela gutti moldatu dute eta “segurtasuna saldu digute –dio Ezker Abertzaleak–, baina errepidea gehiago ezagutu ahala, gero eta abiadura handiago hartzen dugu, horrek ekartzen duen arriskuarekin eta gure dudak baditugu ea errepide hau abiadura hauek onartzeko prestatua ote dagoen”.
Horregatik, errepidearen zati hau puntu beltza izendatu dezaten eskaria egin du ezker abertzaleak, baita errepidea bera ongi diseinatua ote dagoen eta gaur egungo legeak betetzen ote dituen (peralteak, bihurguneen erradioak…) begiratzea. Puntu honetan, abiadura moteltzeko neurriak hartzea ere eskatu du Ezker Abertzaleak.