Donibane Lohizuneko Jai-Alai pilotalekua beteta zegoela, 1.900 lagunen aitzinean jantzi zuen azaroaren 13an Amets Arzallus hendaiarrak 2010eko Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko txapela. 660 puntu lortu zituen eta Mixel Itzaina Euskaltzain urgazleak paratu zion txapela.
Odei Barroso urruñarrarekin jokatu zuen buruz burukoa, baina Barrosoren lana ere azpimarratzekoa izan zen lan bikaina egin eta 607 puntu lortu baitzituen. Hirugarren Sustrai Colina gelditu zen (386 puntu) eta ondotik, hurrenez hurren, Joanes Etxebarria (347,5 puntu), Eneritz Zabaleta (344,5), Xumai Murua (338), Miren Artetxe (329,5) eta Ekhi Erremundegi (320) sailkatu ziren.