Matxin Irabola bertsulari haundiaren omenaldia ospatuko da hazilaren 28an, igandearekin Larraldea baserrian. Irabolaren biografiaren aurkezpenaren ondotik, 18:30ean bertsu saioa izanen da eta hantxe entzuten ahalko dira Amets Arzallus, Sustrai Colina, Fermin Mihura eta Mixel Aire Xalbador II.a. Joana Itzaina Bertsularien Lagunak elkarteko buruak proposatuko ditu gaiak. Omenaldi horren karietarat, bi belaunaldi lotu nahi dira: bertsularitzan dabiltzan gazteak eta duela urte batzuk besta guzietan bertsuak entzuten zituzten senpertarrak. Iparraldeko bigarren xapelketaren ondotik, bertsu giroa piztu nahi da herriz herri eta lehen hitzordua Larraldean izanen da, Bertsularien Lagunak eta euskal elkarte andanak duten egoitzan.
Ekhi zortzigarrena
Berriki ospatu den Xilaba bertsu xapelketako finalean, Ekhi Erremundegi baionesa –Senperen erroak dituena– zortzigarren sailkatu zen. Azken hilabeteetan guti kantatu eta finalerat arratsalde goxoa pasatzerat joan zela aitortu zuen eta preseski esku zarta zaparrada batekin agertu zen taula gainerat. Aipagarria, finalaren hastapenean txalo gehien eskuratu zuen bertsularia izan zela. Bere aldeko ikurrak ere agertu ziren Donibane Lohizuneko Jai-Alai pilotalekuan. Biba zu Ekhi eta laster arte, agian Senpereko bertsu saio batean!