Abendu hasierarako zabaldu nahi dute gurasoek ludoteka, eskola zaharraren beheko solairuan egokitu den haur eta gaztetxoentzako txokoa. Eta nola funtzionatuko lukeen erabakitzerakoan, kultur elkarte bat sortzearen alde egin dute guraso gehienek. Iritzi horretakoak ziren azaroaren 5ean ludotekaren harira egin zen lehenbiziko bileran elkartu ziren 20-25 gurasoetatik gehienak. Joan den larunbatean, hilak 20, bertze bilkura bat egitekoa zuten, kontua hobeki zehazteko.
Kuotak
Hasierako proposamenaren arabera, ludotekara joaten den haur bakoitzari kuota bat kobratuko zaio hilabetean. Haur bakoitzeko hilean 8 euro ordaindu beharko litzateke; bi haurrekin 12 euro eta 3 haurrekin 16 euro.
Asteburuetan bakarrik joanez gero, erdia kobratuko litzateke: haur bakoitzak 4 euro eman beharko lituzke; bi haur izatekotan 5 euro eta hiru haurrekin 8 euro.
Noizbehinkakoen kasuan, ludotekara joaten diren aldi bakoitzeko euro bat kobratu nahi dute gurasoek.
Ordutegiak
Astelehenetan izan ezik, haur eta gaztetxoen txokoa ia egunero zabaltzea da gurasoen asmoa: asteartetik ostiralera 17:00etatik 19:00etara irekiko lituzke ateak. Larunbat eta igandetan, aldiz, goizean bi orduz eta arratsaldean bertze bi orduz zabalduko litzateke.
Lortzen den diruaren arabera, arduradun bat hartu ala ez ere erabakiko da.