Beintza-Labaien, Eratsun, Ituren, Legasa, Narbarte, Saldias eta Sunbillako eskoletako neska-mutikoen topaleku bihurtuko da ortziral honetan, azaroak 26, Sunbilla. Malerrekako eskola ttikien eguna antolatu baitute zazpi herrietako eskolek elkarlanean. 161 ikasle dituzte aipatutako ikastetxeek eta denak ez bada ere, horietako aunitz bilduko dira. Aurten lehen aldiz antolatu den ekimen honen helburua ikasleen arteko harremanak sendotzea eta horrekin batera, ekintzak euskaraz egitea da.
Goiz eta arratsaldez
Herri bakoitzetik gurasoekin etorriko dira haurrak autoetan eta buelta ere hala eginen dute. 09:30ean elkartuko dira eta 16:00 arte ongi pasatzeko hainbat jarduera izanen dituzte. Ikasleak hiru taldetan banatuko dira: Haur Hezkuntzakoak alde batetik, Lehen Hezkuntzako lehen ziklokoak bertzetik eta hirugarren taldean Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren ziklokoak. Aldi berean, hiru txoko antolatuko dituzte: haur jokoen txokoa, Pello Añorga ipuin-kontalariarena eta mahai jokoena. Ikasleak batetik bertzera ibiliko dira. Eguerdian pilotalekuan bazkalduko dute eta ondotik, musika ere izanen da. Etxerako bidea hartu aitzinetik, txokolatada izanen dute.
Eskolako jangela
Ikasle kopuruaren gorakadaren aitzinean, eskolako jangela haunditu ala bertze gela bat egokitzeko asmoa dabil ahoz aho. Dena den, Pako Errandonea alkateak oraindik ez dagoela deus ere erabakia adierazi dio TTIPI-TTAPAri, baina «oraingo jangelaren pareta bota gabe, ate bat egin daitekeela» azaldu digu. Denborak erranen du zer gertatuko den.