Ekainaren 30a arte Berako Toki-Ona institutuko zuzendari izan zen Jose Mari Irazoki Elgorriaga beratarrak Nafarroako Gobernuak lehen aldiz banatu dituen Hezkuntza Sarietako bat jaso du, bere zuzendari lanarengatik. Azaroaren 23an, astearte arratsaldean jaso zuen Iruñean. Miguel Sanz, Nafarroako Gobernuko presidentea, Alberto Catalán Hezkuntza kontseilaria eta Teresa Ucar Nafarroako Eskola Kontseiluko presidentea izan ziren ekitaldian.
Deialdi honetan, zuzendariak ez ezik, ikasleak, irakasleak eta ikastetxeak ere saritu dituzte, eta Urdazubi-Zugarramurdi eta Baztango herrietako eskola ttikiek jaso dute saria, beraien ibilbidearengatik eta funtzionamenduarengatik. Bertzeak bertze, Kazeta proiektua eta ikastetxeko bertze hainbat ekimen azpimarratu dituzte saria ematerako orduan. Eneko Fernandez irakasleak jaso zuen saria.
Denetara, sei ikaslek, 5 irakaslek, hiru zuzendarik eta sei ikastetxek jaso dituzte sariak. Hauek hartu ez ezik, Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionaleko abesbatzaren emanaldia aditzeko aukera ere izan dute, baita Nafarroako Dantza Eskolako koreografia ikusteko ere.