Bertsolaritzaren mugimendua indartzen ari da eskualdean, eta duela 20 urte bertso-eskola bakarra izatetik –Lesakan–, gaur egun bederatzi izatera pasatu gara Baztan, Bortziriak, Malerreka, Leitzaldea eta Saran. Horrez gain, bertsolaritza Hezkuntza Arautuan ere sartua da, eta neska-mutiko aunitzek eskola orduetan bertsolaritza lantzen dute.
Bertsolariari sena eta abilezia jaiotzetik datozkiola erraten da maiz, horretarako dohai bereziak behar direla pentsatuz. Beharbada, izanen da zerbait horretatik ere, baina gaur egun bertsotan ikasi ere egin daitekeela pentsatzeko arrazoiak badira. Bertso-eskolak dira horren lekuko, bertsolaritzaren eremua aunitz zabaldu dutenak. Oraingo bertsolari ezagun gehienak, gainera, bertso eskoletatik ateratakoak dira. Horrez gain, bertsolaritzak Hezkuntza Arauturako saltoa ere egin du, eta ez dira ez bat ez bi, eskola orduetan bersolaritza lantzeko aukera duten neska-mutikoak. Gisa batera edo bertzera, baina bertsozaletasuna hedatzen ari da, eskualdean 312 bat lagunek jorratzen baitute bertsolaritza, batzuk Hezkuntza Arautuan eta bertso-eskoletan bertzeek.
Eskualdean ere nabaria da bertsogintzaren mugimendua. Baztan, Bortziriak, Malerreka, Leitzaldea eta Saran, erraterako, haur, gazte eta helduen bederatzi bertso-eskola daude. Bortzirietakoa izan zen aitzindaria, Manolo Arozenaren ekimenez, 1990. urtean Lesakan sortua. Geroztik, aunitz zabaldu dira eta Bera, Igantzi, Doneztebe, Leitza, Goizueta, Baztan eta Saran ere badira. 34 neska-mutiko, 17 gazte, 29 heldu eta 8 bertsolari biltzen dituzte astero bertso-eskolek, 88 lagun guztira.
Eskola bakoitzaren sorrera data zehaztea zaila da, baina normalean ikastaro bezala planteatzen da hasieran, eta interesatuz gero, aitzinera egiten dute.
Hezkuntza Arautua
Bertsolaritzaren oinarrizko transmisioa bermatzeko helburuarekin, Hezkuntza Arautuan, hau da, eskola orduetan, bertsogintza lantzen duten bertze bederatzi ikastetxe daude inguruan: Amaiurko eskola, Azpilkuetakoa, Baztan Ikastola, Elizondoko San Francisco Javier ikastetxea, Doneztebeko San Migel, Leitzako Erleta, Igantziko eskola, eta Berako Rikardo Baroja eta Labiaga Ikastola dira ikasturte honetan bertsolaritza jorratuko dutenak. Eta hauetan guztietan 224 neska-mutikok parte hartzen dute. Astean ordubeteko klaseak jasotzen dituzte, ikasturte osoan 30 ordu, eta Estitxu Arozena da guztietan irakasle lanetan aritzen dena.
Baina ez hori bakarrik. Ikastetxe eta bertso eskolek bertzelako jarduera osagarriak ere egiten dituzte: txapelketak, topaketak, udalekuak...
MALERREKA
Aukera bakarra Donezteben
BERTSO ESKOLAK
Doneztebe
• 5 gaztetxo aritzen dira.
• Hitzordua: astelehenetan egiten dute (17:00-18:00).
• Irakaslea: Estitxu Arozena.
HEZKUNTZA ARAUTUA
• 54 laguneko taldea elkartzen da Doneztebeko San Migel ikastetxean. Bi taldetan banatuta lantzen dute bertsolaritza.
SARA
Euskaraz bizitzeko bidea emanez
BERTSO ESKOLAK
Sara
• 2006/07an eratua Karlos Aizpuruak. Bi urteko geldialdiaren ondotik, 09/10ean berriz hasia.
• 9-10 urteko 5 haur biltzen dira ikastolan.
• Hitzordua: astelehenetan (16:45-18:00).
• Irakaslea: Karlos Aizpurua.
• Helburua: Saran bertsozaleak sortu eta herriko bertso saioetarako bertsolariren bat ateratzea. Bide batez, gazteei euskaraz bizitzeko parada eskaintzea.
LEITZA/GOIZUETA
Goizuetan eta Leitzan bertso eskola bana
BERTSO ESKOLAK
Leitza
• 5 gaztetxo eta 6 heldu biltzen dira.
• Hitzorduak ortzegunetan: helduak (19:00-20:30) eta gaztetxoak (13:50-14:50).
• Irakaslea: gaztetxoena Estitxu Arozena eta helduena Joxema Leitza.
Goizueta
• 5 gaztetxo eta 8 gazte.
• Hitzorduak: haurrak astearteetan (14:00-14:45) eta gazteak asteazkenetan (13:00-13:45).
• Irakaslea: Maialen Uitzi.
HEZKUNTZA ARAUTUA
• 17 gaztetxo Leitzako Erleta eskolan.
BORTZIRIAK
Bera, Igantzi eta Lesakan zabaldua
BERTSO ESKOLAK
Bera
• 5 gaztetxo eta 7 heldu elkartzen dira.
• Hitzorduak: gaztetxoak astelehenetan (17:15-18:15) eta helduak astearteetan (20:00-22:00).
• Irakaslea: Julen Zelaieta.
Igantzi
• 5 gaztetxo biltzen dira.
• Hitzordua: astearteetan (19:15-20:15).
• Irakaslea: Estitxu Arozena.
Lesaka
• 6 gaztetxo, 9 gazte (bi taldetan banatuak) eta 4 heldu elkartzen dira.
• Hitzorduak: haurrak astearteetan (16:30-17:30); gazteen talde bat asteartetan (18:00-19:00); gazteen bertze taldea asteazkenetan (16:00-17:00) eta helduak ortziraletan (19:00-20:30).
• Irakaslea: Estitxu Arozena.
HEZKUNTZA ARAUTUA
• Aurten lehen aldiz, eta Hezkuntza Sailarekin Bertsozale Elkarteak duen akordiotik aparte, Berako Labiaga Ikastolan Bertsozale Elkartearen bertsolaritza programa landuko dute 24 ikaslek.
• Berako Ricardo Barojan 13 haurrek lantzen dute bertsolaritza.
• Igantziko eskolan 15 ikaslek jorratzen dute.
BAZTAN
101 ikasle ikastetxeetan bertsogintzan
BERTSO ESKOLAK
Elizondo
• Iaz sortua.
• 12 heldu aritzen dira bi taldetan banatuta, bat hasiberriena eta bertzea iaz hasitakoena. Haurren talderik ez dago.
• Hitzordua: ortziraletan (20:00-22:00) San Francisco Javier ikastetxean.
• Irakasleak: Jon Barberena eta Jon Elizetxe.
Oronoz
• Urrian sortua, Nafarroako Bertsozale Elkartearen ekimenez.
• 8 bertsolari biltzen dira: Amaia eta Bittor Elizagoien, Estitxu Arozena, Ander Fuentes Itturri, Egoitz Gorosterrazu, Jon Elizetxe, Julen Zelaieta eta Jon Barberena.
• Hitzordua: ortzegunetan (18:00-20:00) eskolan.
• Irakaslea: Arkaitz Goikoetxea.
• Helburua: Txapelketetan aritzen diren bertsolariak trebatzea. Izen-ematea zabalik.
• Baldintza: bertsotan bat-batean aritzeko maila ona edukitzea.
HEZKUNTZA ARAUTUA
• 9 laguneko taldea Amaiurko eskolan.
• 6 laguneko taldea Azpilkuetako eskolan.
• 16 laguneko taldea Baztan Ikastolan.
• 70 lagun San Francisco Javier ikastetxean. Bi talde dira.
TXAPELKETAK ETA SARIKETAK
Bortzirietako bertso-eskolen txapelketa eta Izeta Sariketa abenduan Aurten hamabigarrenez, bertso eskolen txapelketa eginen da abenduan. Malerrekako saioa abenduaren 3an eginen da, bi hirukoteren artean. Iker eta Egoitz Gorosterrazu eta Alazne Untxalok osatuko dute talde bat, eta Irati Arrieta, Maialen Belarra eta Ander Fuentes Itturrik bertzea. Doneztebeko Ekaitza ostatuan ariko dira, eta Lesakako saiorako txartela izanen dute jokoan. Baztanen lau hirukote ariko dira abenduaren 10ean Erratzuko elkartean. Lehenbiziko taldean Maialen Gamio eta Bittor eta Amaia Elizagoien ariko dira; bigarrenean Jon Barberena, Xabier Maia eta Gorka Urtasun; hirugarrenean Jon Elizetxe, Oier Amiano eta Maialen Iantzi; eta laugarrenean Iñaki Aleman, Iban Dufurrena eta Kotte Plaza. Irabazleak Lesakako saiorako txartela eskuratuko du. Bortzirietatik sei taldek parte hartuko dute abenduaren 10 eta 11ko saioetan. Beratarrak taldean Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Aitor Elexpuru ariko dira; Txope Taberna taldean Kristiñe eta Maddi Ane Txoperena eta Garaxi Taberna; Klasikoak taldean Juan Mari Lopez, Manolo Arozena eta Joxe Juan Zubieta Etxabe; Zapelpunk-en Gaizka eta Jon Silveira eta Ioar Tainta; Estrata Estrit-en Egoitz Telletxea Xabier Terreros eta Iñigo Olaetxea eta Ortzilko Santuk taldean Josu Sanjurjo, Iban Garro eta Aitor Arotzena. Abenduaren 10ean bi saio jokatuko dira Berako Espidobaitan: batetik, Beratarrak Malerrekako txapeldunen aurka ariko dira; bigarrenean Ortzilko Santuk eta Estrata Estrit. Hilaren 11n, Lesakako Arranon, Klasikoak eta Zapelpunk eta Zialdo ostatuan Baztango onenak eta Txope Taberna lehiatuko dira. Finalerdiak Lesakako Haizegoan eta Atxaspin eginen dira hilaren 11n. Hasteko, Espidobaitako lehen kanporaketako garailea eta Arranoko irabazlea lehiatuko dira; eta Atxaspin, Espidobaitako bigarren saioko garailea eta Zialdoko irabazlea. Egun berean, Lesakako Linddurrenbordan eginen da finala.
Bertzalde, bi urtetik behin egiten den Mariano Izeta Sariketa abenduaren 8an eginen da Elizondoko eliza ondoko aretoan. Nafarroako 13 bertsolari gazte ariko dira: Aimar Karrika (Auritz); Iker Gorosterrazu (Ituren); Ioar Tainta, Josu Sanjurjo eta Iban Garro (Lesaka); Saioa Alkaiza (Antsoain); Iñaki Aleman (Irurita); Jose Luis Barberia Zili (Leitza); Irati Majuelo, Haizea Beruete eta Ainhoa Aranburu (Iruñea); Amaia Elizagoien (Oronoz) eta Patxi Castillo (Bera). Goizez bi kanporaketa eginen dira, eta 17:30etik aitzinera finala sei bertsolarirekin.
BERTSOZALE ELKARTEAK
Norbaitek bertso eskolan izena eman nahi badu, Bertsozale Elkarteetara jo behar du. Nafarroakoa: nafarroa@bertsozale.com edo (0034) 948 143747. Iparraldekoa (Senperen du egoitza): iparraldea@bertsozale.com/bertsularien-lagunak@wanadoo.fr edo (0033) (0) 559541504.