Sortzez madrildarra bada ere, gurasoak eta familiako aunitz sunbildarrak dituelako, eta gaztetako oroitzapenik «ederrenak» Sunbillakoak izateak bultzatu zuen Francisco Javier Latasa Alzuri Sunbillako harrizko zubi zaharra ikertzera. Urte bat eta erdiko lanaren ondotik, Principe de Viana aldizkarian kaleratu du artikulua. Erretiratu eta Sunbillara etorria da bizitzera, eta egindako lanarekin «kontent», sekula pentsatuko ez lukeen historia deskubritu duela dio. Udaletxe ondoan zubiari buruzko informazio mahaia ere paratu du Udalak.
1562RA ARTE EZ ZEN EGIN
«Errege Kontseiluak 1551ean agindu zuen osorik harrizkoa izanen litzatekeen zubia egiteko, ordurarteko egurrezko zubia ordezkatuz; azken 30 urtetan harrizko hanka zuen. 1552an egin zen eraikuntza esleitzeko enkantea, baina hainbat arrazoi tarteko, 10 urte beranduago egin zen»
Nolatan hasi zinen artikulua idazten?
Zuhaitz genealogikoa zela-eta pixka bat ikertzen hasi nintzen, baina betidanik banuen Sunbillari buruz zerbait egiteko ilusioa. Niretzat herriko gauzarik adierazgarriena zubia da eta horretan zentratu nintzen. Poliki-poliki prozesua aztertzen joan nintzen: noiz egin zen, berreraikitzeak... Egia errateko, ez nuen sekula pentsatua hain interesgarria aterako zela, baina zortea izan dut. Horrekin batera, Sunbillari esker-onez ere egin dut, nire familiako aunitz hemengoa delako eta gaztetan momentu ederrak pasatu nituelako herrian.
1551ean agindu zuten harrizko zubia egiteko, baina 1562an egin zen...
Errege Kontseiluak 1551ean agindu zuen osorik harrizkoa izanen litzatekeen zubia egiteko, ordurarteko egurrezko zubia ordezkatuz; azken 30 urtetan harrizko hanka bat zuen. 1552an egin zen eraikuntza esleitzeko enkantea, baina hainbat arrazoi tarteko, 10 urte beranduago egin zen. Alde batetik, Bidasoa-Berroarango Juntaren –Sunbilla, Doneztebe, Narbarte eta Elgorriaga– oihanetako egurra Arantzako Aranibar burdinolari saldu zitzaion ikatza egiteko eta negoziazioetan denbora joan zen. Bertzetik, obraren ordainketa lau herrien artean egitekoa zen eta hor ere eztabaidak egon ziren. Doneztebetik Sunbillarako bidea arriskutsua zela argudiatuz, Doneztebek bertze bide bat egin nahi zuen, Arantzara Bulatxikin barna, hor Sunbillako bidearekin bat egin, eta handik Gipuzkoara joateko. Zubia bertze toki batean eraikitzea ere planteatu zen, baina azkenean bertan behera gelditu ziren proposamenak eta lau herriek eta kanpotar batzuen artean ordaindu zuten. Halere, gerora, berreraikuntzak egin zirenean, Nafarroa osoak ordaindu zuen.
Behin baino gehiagotan berreraiki zen…
Hasieran, ibaiak 1643an bakarrik eraman zuela pentsatzen nuen, eta nire teoria egina nuenean, 1625eko bertze idatzi bat ikusita konturatu nintzen bi aldiz konpondu behar izan zutela, 1625ean eta 1643an. Uholdeen ondorioz izan zen, eta bi kasuetan Nafarroa osorako garrantzitsua zelako, Nafarroa osoak esku hartu behar izan zuen ordaintzerakoan. Horrek zenbateko garrantzia zuen adierazten du. Lehenbiziko berreraikitze lanak 1.300 dukado kosta ziren, eta bigarrenean tasatzaile bat bidali zuten gauza bera gerta ez zedin; 2.500 dukadotara igo zen ordaindu beharrekoa.
Zerk piztu dizu arreta batez ere?
Nafarroa osoan bere garaian eduki zuen garrantziak. Nafarroan orduan agintzen zutenek halako beharra ikusi zuten zubia behin eta berriz zutik paratzeko eta denek ordaindu behar izan zuten. Eugiko arma lantegia garrantzi haundikoa izan zen eta armak hemendik pasatzen zituzten. Horrez gain, tropak harat-honatean ibiltzen ziren. Bere balorea zuen, ibai bazterreko arriskua saihestuz, menditik ibiliz komunikatzeko bide segurua baitzen. Bi aldiz berreraikitzeko egin zen esfortzuak ere arreta deitu dit. Bigarrenez berreraiki zenean, adibidez, idatzietan ageri denez, 2.500 harri erori ziren zubitik eta dena indarrez mugitzeko...
Zer eskatuko zenuke?
Zubiak iraun dezala, eta ez dadila inoiz erori. Garai batean, erortzear egon zen, bertze zubirik ez zegoenean ibilgailuak kontrolik gabe pasatzen zirelako eta zaharberritu zenean, errepaso haundia eman zitzaion. Herriak balore haundiko zerbait bezala gorde behar luke.