Maika Ariztegi eta Fernando Etxegaraik dira aurten ere Euskadiko Lokotx-biltze Txapelketako txapeldunak. Ariztegi iturendarrak bederatzigarren urtez jantzi du txapela, parte hartu duen guztietan 38 urte dituela. Gainera, berak orain dela bi urte (2008) ezarritako txapelketako marka ondu edo hautsi du lau segundoan. Etxegarai beratarrak, berriz, zazpigarren urtez jantzi du txapela, eta lau segundogatik ez du ondu berak 2008an ezarritako txapelketako marka. Azaroaren 20an, larunbat arratsaldean jokatu zen txapelketa, Ozetako kiroldegian (Araba).
Bederatzigarrena Ariztegirentzat
Emakumezkoen txapelketa jokatu zen lehenik, eta, lau kirolarik jardun zuten: Itsaso Hernandez (Legutio, Araba; 32 urte), Naiara Ferran (Gasteiz, Araba; 26 urte), Josune Gorostidi (Txarama, Gipuzkoa; 43 urte) eta Maika Ariztegi (Ituren, Nafarroa; 38 urte).
Ariztegi itturendarrak 7 minutu eta 21 segundo behar izan zituen 2008an marka ezartzeko. Iaz bi segundo gehiago behar izan zituen soilk eta aurtengoan 7 minutu eta 17 segundoan saskiratu ditu 50 koxkorrak, eta hori bi aldiz bota duela lokotxa saskitik kanpo. Saioa akitu duenean sinetsi ezinda gelditu da marka berriro hobetu duela erran zaionean. Iaz bezala, Gorostidi izan da txapeldunordea, txapeldunak baino 49 segundo gehiagorekin. Naiara Ferran sailkatu da hirugarren azken bi urteetan bezala. Seigarren urtez aritu da txapelketan. Aurten Arabako txapelduna izan da, eta gaur bezalaxe, segundo bateko aldea atera dio gaur laugarren sailkatu den Itsaso Hernandez herrikideari.
2010eko sailkapena:
1. Maika Ariztegi (37 urte, Ituren, Nafarroa): 07:17 (txapelketako marka)
2. Josune Gorostidi (43 urte, Txarama, Gipuzkoa): 08:06
3. Naiara Ferran (26 urte, Gasteiz, Araba): 08:22
4. Itsaso Hernandez (32 urte, Legutiano, Araba): 08:23
Etxegarairentzat zazpigarrena
Gizonezkoen txapelketan zortzi kirolari lehiatu dira, lauko bi txandatan banatuta: Alberto Ibañez (Gasteiz, Araba; 40 urte), Oscar Fernández de Larrinoa (Zigoitia, Araba; 46 urte), Alfonso Alvarez de Eulate (Algorta, Bizkaia; 39 urte), Benat Amade (Bizkaia; 27 urte), Eneko Garmendia (Baliarrain, Gipuzkoa; 29 urte), Jon Larrañaga (Mendaro, Gipuzkoa; 28 urte), Fernando Etxegarai (Bera; 38 urte), Eder Goldarazena (Berriozar; 17 urte).
Larrañaga, Alvarez de Eulate, Etxegarai eta Ibañez aritu dira lehen txandan. Etxegaraik kasik hutsik egin gabe jardun du proba osoan, eta saioaren hasieran ez zuela 2008ko marka onduko (06:18) adierazi arren, lau segundora geratu da eta txapela jantzi du. Aurten, hala ere, birritan ondu du Euskadiko Txapelketako marka: Nafarroako Txapelketan eta Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketan, bietan txapelduna izan da eta 50 lokotxak sei minutu eta 11 segundoan saskiratuta. Bigarren txandan, Amade, Garmendia, Fernandez de Larrinoa eta Goldarazena aritu dira. Aurreko bi urteetan eta aurtengo Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketan Eneko Garmendia izan da txapeldunordea, baina oraingoan, txapelketan lehen aldiz jardun duen Goldarazena nafarra gailendu zaio. Goldarazenak erritmo erregularra ezarri du hasieratik, eta lan aipagarria egin du.
2010eko sailkapena
1. Fernando Etxegarai (Bera, 38 urte): 06:22
2. Eder Goldarazena (Berriozar, 17 urte): 06:27
3. Jon Larrañaga (Mendaro, Gipuzkoa; 28 urte): 06:29
4. Eneko Garmendia (Baliarrain, Gipuzkoa; 29 urte): 06:46
5. Alfonso Alvarez de Eulate (Algorta, Bizkaia; 39 urte): 06:49
6. Alberto Ibañez (Gasteiz, Araba 40 urte): 06:53
7. Beñat Amade (Bizkaia; 27 urte): 07:28
8. Oscar Fernández de Larrinoa (Zigoitia, Araba; 46 urte): 07:49