Udazkeneko feria egunean jendetza ibili da azaroaren 19an Doneztebeko karriketan. Udazkeneko egun ederra suertatu da, frexkoa baina ateri eta Merkatuko Plazan ez ezik, herri osoan barna hedatuta zeuden postuetan harat-honatean ibili da jendean. Aziendei dagokienez, 30 bat behi buru eta 15 bat behor eta pottoka izan dira plazan. Pirenaika eta suitza arrazako behiekin batera, Bittor eta Andoni Mendiburu aita-semeek aipatu digutenez, “salers eta charolesa arteko nahasketa duten behiak ekarri ditugu lehen aldiz”. Denera 17 buru eramanak zituzten plazara eta Andonik aipatutakoaren arabera, “ez dago mugimendu handirik, jendeak ez du neguan behirik nahi, pentsua eman behar zaielako. Nahiago dute udaberrian erosi, belagiak garbi kontzeko”.
Baina aziendak ikusi eta postuetan salerosketan ibiltzeaz gain, bertze aukera ugari ere eskaintzen zituen Doneztebek ortziral goizean. Honela, Elizatarian Zubietako taloak erosteko aukera bazen eta Saharaztangoek tonbola martxan zuten, inoiz baino gehiago Saharako herriari babesa eskaintzeko asmoarekin. Alhondigan, Emakume Baserritarren Begirada argazki erakusketa zabalik zegoen eta bertan zeuden azalpenak ematen Donamariako Mariado Iturralde, EHNEko antolatzailea eta Raquel Rico, Berako argazkilaria ere. “Emakumeak ixilpean baserrian egin duen lana argitara ematea da asmoa, hori ezagutzea eta baloratzea” aipatu digu Mariadok.
Anasaps-Dizdira Elkartean ere Ate Irekien Eguna zuten eta bulegoaren barrenean buruko gaixotasunak dituztenen arte eta kultur adierazpenak ikusteko eta irakurtzeko aukera bazen. Edurne Elizagoien arduradunak aipatu digunez, “Nafarroa osoko bazkideek egindako 30 bat margolan eta zenbait olerki jarri ditugu ikusgai”.
Merkatuko Plaza ondoko zubian, Marmoles Baztango langileek ere bere aldarrikapenaren berri eman dute, “Despidorik ez!, Solución ya” zioen pankartaren gibelean.
Doneztebera hurbildutako aunitzek bertan bazkaltzeko aprobetxatu dute, jatetxe gehienek eskaintzen dituzten udazkeneko menu bereziekin. Hori bai, aurten ez da onddo eta uso aunitzik bildu, beraz, gehienek bertzelako generoa erabili behar izanen dute menuak osatzeko.
Arratsaldean, Feria Eguna borobiltzeko, herri kirol saio bikaina izanen da, Euskal Herriko bigarren mailako aizkolari txapelketa eta Euskal Herriko kintopko harrijasotze txapelketa jokoan direla.