Ekainaren 30a arte Berako Toki-Ona institutuko zuzendari izan zen Jose Mari Irazoki Elgorriaga beratarrak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sarietako bat jaso du, bere zuzendari lanarengatik. Azaroaren 23an jasoko du saria Iruñean. Saria ematerakoan, Irazokik egindako zubilanak goraipatzen dira, “Nafarroako Gobernua eta institutuaren artean, zuzendaritza eta langileen artean, familia eta ikasleen artean…”. Bere burutik hainbat ideia ibili direla ere aipatzen dute, “gerora institutua berrikuntzaren bidetik eramanen zuten ideiak, modernizazioaren alde apustu eginez eta lanean etengabe sortzen zaizkigun erronkei aurre eginez”.
Jose Mari Irazokiren lanari esker, “hiru irakaslerekin hasi zen Ofizialia Eskola, gaur egun 60 irakasle baino gehiago duen eta eskualdean erreferentzia den ikastetxea bilakatu” dela dio saritzeko memoriak.
Eskola ttikiak
Deialdi honetan ikastetxeak ere saritzen ziren, eta Urdazubi-Zugarramurdi eta Baztango eskola ttikiek jaso dute saria, beraien ibilbidearengatik eta funtzionamenduarengatik. Bertzeak bertze, Kazeta proiektua eta ikastetxeko bertze hainbat ekimen azpimarratu dituzte saria ematerako orduan.