Aste honetan hizpide den gai baten inguruan gehiago ikasteko aukera ederra izanen da azaroaren 14an, igandean Erratzuko Elkartean. Izan ere, “Mendebaldeko Sahara lurralde okupatuaren egoera” izenburupean, Julen Zulaikaren eskutik diapositiba emanaldia antolatu du Erratzuko Kultur Elkarteak. Arratsaldeko 17:30ean hasiko da emanaldia.
Ezker Abertzalearen idatzia
Bertze aldetik, Saharako gertakariak direla eta, eskualdeko ezker abertzaleak “elkartasuna eta dolurik sentikorrena” agertu nahi dio Saharako herriari eta RASDri (Frente Polisarioari). Horrekin batera, “Marokoko gobernuaren ekinbidearen aurrean bere haserrea eta mespretxua” adierazi nahi du.
Ezker Abertzalearen idatziak dioenez, “urriaren 9tik beren eskubideen aldeko borrokan ditugu 20.000 saharar Aaiuneko hirian. Sahararren eskubideen aldarrikapen baketsuaren aurrean gerra eta zapalkuntzaz erantzun du Marokoko gobernuak, hamarnaka hildako eta zauritu eraginez”.
Euskal Herriko udaletxeetan mozioak aurkeztuko dituela ere jakinarazi du Ezker Abertzaleak, “basakeria honi erantzuteko eta Saharar Herriaren eskubide demokratikoak eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko”. Euskal Herrian eginen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin dute.