Baqué pilota txapelketako finalerdian da Errekako Adur Lasa

TTIPI TTAPA 2010eko azaroaren 12a

Aritz Juanenea ere Egiako txapelketako finalerdietarako sailkatu da, Rezustarekin bikote eginez

Errekako pilotariek emaitza politak lortu dituzte aste honetan. Honela, azaroaren 10ean, asteazken arratsaldean, Abadiñoko Matienan, kadete mailako buruz buruko Baqué txapelketako kanporaketa jokatu zuen Errekako Adur Lasa etxarriarrak eta 18 eta 9 irabazi zion Aurrera Saiazeko Labakari. Zailtasunekin hasi zen Lasa, 4-0 eta 6-4 galtzen, baina partida bikaina egin zuen, bi eskuekin astinduz eta arerioa seigarren koadrotik airez defenditzera behartuz. Modu honetara, ez zion aukerarik eman eta txapelketako finalerdia jokatuko du Errekakoak.

Jubenil mailan ez zuen halako suerterik izan Errekako Aritz Juaneneak eta 12 eta 22 galdu zuen Amezketako Jakarekin. Lehenbiziko zati ona egin zuen saldiastarrak, baina bigarrenean ezin izan zion aurre egin Jakari.

Egiako Juanito Alvarez txapelketan, aldiz, eskuz binaka, suerte gehiago izan zuen bezperan Juaneneak. Bergarako Rezustarekin bikote eginez, 22 eta 8 irabazi zieten Azpeitiko Dorronsoro eta Aizpururi. Hemen erakustaldia eskaini zuen Juaneneak eta tantu sinesgaitzak lortu zituen. Rezusta atzelariak ere ongi lagundu zion eta honela, txapelketa honetako finalerdietarako txartela eskuratu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun