Espero bezala, Jon Rekondo leitzarrak irabazi zuen urriaren 24an Bizkaiko Aizkolarien Irekia, Aitzol Atutxa II.a (Dima, Bizkaia) lagun zuela. Joan den urteko final bera errepikatu zen Eubako (Bizkaia) pilotalekuan eta Juan Jose Lopez Azpilikueta (Lezaun, Nafarroa), eta Julen Mendieta (Lemoa, Bizkaia) beteranoak izan zituzten aurrez-aurre. Sei modalitatetan 28 ebaki egin behar izan zituzten aizkolariek. Lehendabiziko hiru probetan gazteak nagusitu ziren, alde dezentearekin gainera. Hurrengo bi saioetan, ordea, Lopez eta Mendieta hobeki moldatu ziren. Azkenekoan, iraupen proban, erabaki zen dena; hasieran Lopez eta Mendieta aurretik ibili ziren, baina leitzarra eta Atutxa gailendu ziren azkenean. Lan guztiak egiteko 20 minutu eta 43 segundo behar izan zuen Rekondo-Atutxa bikoteak eta 21:44 Mendieta-Lopezek.