70 kantari inguru bildu ziren elgarrekin kantatzeko Auxtin eta Franck 70 bat kantuzale bildu ziren Larraldean urriaren 10ean, gure euskal gizartearen kultural funtsetan ditugun kantu zahar paregabeei hats berria emateko. Ikustekoa eta entzutekoa zen, izan gazte, izan erretiratu, nola eta zoin indarrarekin, ohoratuak izan diren, hor, gure aitzinekoek asmatu aire eta erranak. Bazkari bat hauta, Frantxua eta Maddik moldatua, Artxeloak taldekoek zerbitzatua.
Usaian bezala, esperientziadunak hasi ziren kantatzen: Peio Minaberry, Gabi Fagoaga, Janpier Soudre eta bereziki, bere boz ozen paregabearekin: Fifin Billon-Zamora. Haukien ondotik, bertze guzien bozak laster elgarri lotu ziren, kantuzko soka luzea segitzeko gaua arte. Gehienak, ahots hutsez, eta, bertzeak, Xarlex Sabarotzen akordeoia eta Martxel Braven gitararen musikarekin lagunduak. Nork ote daki zonbat kantu eman ziren?
Denen gainetik zortzigarren Kantu Xaharraren Egun hau berezia izan da, lehen aldikoz ikusi baita belaunaldi berri bat lotzen deplauki euskal kantu herrikoiak duen altxorrari. Eneko Bessonart eta Sebastien Etxeberriren inguruan gazte talde batek ereman du egunaren apailatze osoa, eta hori geroari pentsatuz, ez da ez gauza ttikia! Aipagarria da berriki kantari bi multzo sortu direla herrian: Senperen kantuz eta Artxeloak!
Etorkizunean egonez, aipa dezagun Oxtikenekoak elkarteak argitaratuko duen XIX. mendeko kantu ahantziak bilduma. Musumigeleneko Martzel Arribillaga zenak, kahier batean zauzkan, 1900 inguruko kantu galdu batzuen testuak ageri dira liburuan eta abendu aldera aurkituko beharko gintuzke.
Kantu zaharrek oraino, luzaz, gure artean, bide on egin dagigutela! Hemen, Peio Minaberry-k, egun horren karietara idatzitako 3 berset:
Agur bero bat adiskideak! Urriaren hamarrean,
Gaur zortzigarren kantu eguna gaude omore onean!
Euskal mintzaira susta dezagun gure ahalen heinean,
Egun goxo bat iraganez Amotzeko Larraldean!
Egun berezi hunen begira aspaldian baiginauden,
Orai, helduak garenaz geroz, har dezakegu atseden!
Probentzietan jakin bezate zer giroa dugun hemen,
Egundainotik aire zaharrak kantatzen dira Senperen!
Bozkarioa heda dezagun hemen guziek elkarri,
Bakoitzak bere alaitasuna orai behar du ekarri,
Norbera, bere dohainarekin, izan dadien kantari,
Lagun maiteak, bihotz bihotzez, egin zazue bazkari!