Hiru urteren buruan, motorizatu gabeko zirkulaziorako ibilbide batek lotuko ditu Doneztebe eta Lapurdiko Getaria herria. Circuldouce izeneko proiektuaren barne eginen da, eta aldi berean, Baiona-Iruñea ibilbidearen zati bat izanen da. Mugaz gaindiko ibilbide hau Eurovelo europar ibilbide baten barrenean dago; ibilbide horrek 8.200 kilometrotan, Noruegako Ipar Lurmuturra eta Sagres (Portugal hegoaldean) lotzen ditu.
Egitasmoaren berri urriaren 26an eman zuten Irungo Herriko Etxean egindako agerraldian. Hondarribia, Irun, Hendaia, Donibane Lohizune eta Getariako udal ordezkariekin batera, Jean-Jacques Lassarre Atlantiar Pirinioetako Kontseilu Nagusiko presidenteordea, Martin Garde Bertizko Partzuergoko presidentea eta Nafarroako Gobernuko ordezkari bat izan ziren agerraldian.
Circuldouce proiektuarekin lehendik hainbat erakundek egindako lana bildu egin nahi izan dute. Izan ere, Hendaia, Irun eta Hondarribiko udalek Txingudiko badiako ibilbidea egokitu zuten oinezko eta bizikletendako; Atlantiar Pirinioetako Kontseiluak Baiona eta Hendaia arteko txirrindularitza ibilbidearen bideragarritasun azterketa egin zuen eta Bertizko Partzuergoak ere hitzarmena sinatua du Nafarroako Gobernuarekin, Bidasoko trenbidearen Endarlatsa eta Doneztebe arteko zatia 2012rako egokitzeko.
Egitasmo honen azken helburua senidetuak dauden Baiona eta Iruñea motorizatu gabeko ibilbide batekin lotzea da. Lehenbiziko zatia, Doneztebe-Getari, 2013ko lehenbiziko hiruhilekorako eginen omen da. 60 kilometro ditu proiektuak, dagoeneko prestatua dauden 50 kilometroko bide berdea edo txirrinda-bidea barrenean sartzen dira, eta gainerakoa trafiko guttiko errepidean barrena edo orduko 30 kilometroko murrizketa duten zonaldeetan barna joanen da.
Proiektuak zortzi milioi euroko gastua izanen du (BEZ gabe) eta horren %65, 5,2 milioi euro, Europatik bideratuko dira.