Aitzineko TTIPI-TTAPAn Rakel Rico Berako argazkilariak eta EHNE sindikatuak elkarlanean osatutako Emakume baserritarren begirada erakusketa Doneztebera abenduan ekarriko zela aipatu zen. Baina azkenean azaroan izanen da. Azaroaren 19tik 29ra, astelehenetik ortziralera egonen da ikusgai, 17:00etatik 19:00etara, Alhondiga gelan, liburutegiaren ondoan.
Emakume baserritarrei egindako 60 argazkirekin osatutakoa da erakusketa, eta emakume baserritarren lana jendeak ezagutu eta baloratzea, zerbitzu falta salatzea eta lehengo baserriko emakumeei omenaldia egitea dira erakusketaren helburuak. Argazkietan ageri diren 24 emakumeetatik aunitz eskualdekoak dira: lau baztandarrak, bi Malerrekakoak, bat Bortzirietakoa eta bertzea Bertizaranakoa.