Gizarte laguntza eskaintzen duten taldeek boluntarioak behar dituzte

Gurutze PIKABEA 2010eko azaroaren 10a

Urteak dira Saharako neska-mutikoak gure artera etortzen direla uda pasatzera. Mikel Gereka

Bertzearen larruan jartzeko eskatu dute

Hamar dira gure eskualdean gizarte-laguntza eskaintzen dute boluntario taldeak. Boluntarioekin soilik osatutako erakundeak dira batzuk, eta boluntarioen laguntza ere behar dutenak bertzeak. Bakoitza bere eremuan baina guztietan daude musutruk ari direnak.

 

Adinekoak, etorkinak, ezindu psikiko eta fisi­koak, Saharako haurrak... Bakoitza bere esparruan dabil, baina guztien lana da azpimarratzekoa. Izan ere, edozeinek esfortzurik gabe egindako gauza ttiki hori, beha­rra duena­ren­tzat haundia izan daiteke. Musutruk boluntario lana egiten duten 10 talde daude eskualdean.

 

ANFAS

Garapenean atzerapena duten edo jasateko arriskua duten 6 urte arteko haurrekin ari­tzen dira Baztan-Bidasoan.

 

ASPACE

Berako Uxane zentroan ezinduak diren heldu eta haurrekin psikomo­triziate eta bertzelako tailerrak egiten dituzte.

 

DIZDIRA-ANASAPS

Arazo psikikoak dituz­ten senitartekoekin egiten dute lan Dizdira-Anasaps-en. Etxa­larren du egoitza elkarte honek.

 

BIDELAGUN

Bertzeak bertze, gaixo eta adinekoei lagun­tza ematen diete, etxe edo egoitzetan. Ho­rrez gain, ahalmen urrita­su­nak dituzten pertsonekin ari­tzen dira, baita etorkin eta talde minoritarioekin ere. Aurten, gainera, 10 urte bete ditu Baztan, Bertizarana eta Malerrekako elkarte honek.

 

CARITAS

Pisu tutelatuetan bizi diren edo laguntza behar duten bertze adinekoei konpainia egiten diete Donezteben.

 

ELKARRIZAN

Berako San Jose zahar etxeko adinekoekin irteerak egiten dituzte Elkarrizanen.

 

NAGUSILAN

Lesakako zahar etxean eta etxeetan dauden adinekoei konpainia egiten diote talde honetan.

 

Elkarrizan eta Na­gu­si­lanek Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin elkarlanean proiektu berri bat dute eskuartean: adinekoei zahar etxe eta etxeetara bisitak egin, helduen alfabetizazioa, baliabi­de gu­ttiko haur etorkinen­tzat eskola lagun­tza eta ga­rraioa bezalako zer­bi­­tzuak zabaldu nahi dira.

 

SAHARAR HERRIAREN ALDEKO ELKARTASUN TALDEA

Saharar herriaren egoe­raz sentsibilizatzeaz gain, udan Saharako gaztetxoak etxean har­tzen dituzten bi talde daude gurean: Baztan, Bor­tziriak, Baztan eta Bertiza­ranan bat –Saharaz­tan– eta Lei­tzan, bertzea. Saharaztanek, hain zuzen, Sahararen aldeko Elkartasun Eguna antolatu du hilaren 27an Erratzun. 

 

XAULI

Ezinduekin aisialdirako ekintzak egiten dituzte Baztanen larunbatetan.

 

Boluntarioekin baka­rrik osatuak dira azken zazpiak, eta langileez gain, boluntarioen beha­rra ere badutenak lehenbiziko hiruak.

 

MUNDU HOBEAREN BILA

Bertzelako mundua posible dela sinisten duelako, urteak daramatza boluntariotza lanaren alde egiten Isidro Herguedasek. Bidelagun elkarteko kidea da bera, baina bertze elkarteei ere botatzen die eskua.

Bere irudiko, «eskualdeko jendeak bertzea­ri laguntzeko gogoa badu, baina au­rrei­ri­tziek gogo hori mugatu egiten dute». Jendeak «konpromisoari beldurra» diolakoan dago, baina ez omen da horrela: «aska­tasun osoa dago». Bide batez, herritarrei begiak ireki­tze­ko ere eskatu die: «ongi­ irekitzen dituenean hainber­tze hu­­tsune ikusiko ditu ingu­ruan. Eta gauzak gisa batera egin beharko li­ratekeela erraten dutenei boluntario taldeetara etortzeko erranen nieke. Salbatzailerik ez da etorriko, gu gara salbatzaileak. Eta hori gure buruan sartu arte ez dugu deus ere eginen. Posi­ble da ber­tze mundu bat, behei­tik hasi eta boterearen aurka joanez. Bolunta­riotza ez dago gober­nuei mesede egiteko, dauden hu­tsuneak aldarrikatzeko baizik».

 

Xari LASA | Elizondo

«Hemengo jendeak etor­kinekiko distantzia man­ten­tzen du, lana kentzera etorri direla uste duelako»

Duela 10 urte sortu zen Bidelagun elkartea, eta geroztik hortxe dabil Xari­ Lasa elizondarra, ahizparekin batera. Hasiera hartan, elkartearekin konpromisoa hartzea «zaila» izanen zela pen­tsatu arren, «ez dela ho­rre­la» erakutsi diote urteek. Nabarmen­tze­ko boluntario lana egiten du, eta gainera «arras kontent» dago egiten duena­rekin. Al­de batetik, Bidelagunek Elizondon, utzita­ko bajera batean, duen jantzi-dendan egoten da: «jendeak emandako arropa sal­tzen dugu, euro bat eta bortz euroko­ prezio sinbolikoan». Astetartez ere, beharra baldin badago, ireki egiten dute. Erosle gehienak etorkinak direla aitortu arren, «baztanda­rrak ere gero eta gehiago etortzen direla» kontatu digu. Dendaren bidez, «hainber­tze kulturatako jendea lagun egin» omen du, baina bere irudiko «hemengo jendeak etorkinekiko distantzia mantentzen du, lana kentzera etorri­ dire­la uste duelako». Hortik aparte, zahar etxera ere joaten da konpaina egitera, eta «hori da gehien betetzen nauena». Asteaz­kenero egiten du zahar-etxean hitzordua: «joan­dakoan triste aurkitzen ditut, erdi lo, deus egin gabe, eta solasa eman eta 10 minutu­ren buruan, kontent jartzen dira», dio. Sola­sean, kartetan, pasea­tzen, kantuan... Dene­tarik egiten dute, eta bai zaha­rrak eta bai Xari ere gustura: «pilak kargatu­ta atera­tzen naiz». Izan ere, bere hitzetan, «zaharrei en­tzun eta en­tzun­ egin behar zaie; akaso beti gauza bera errepikatuko dute, baina berdin dio». Bide batez, «Bidelagunen gurdira igotzeko» gonbitea ere luzatu du, «merezi duelako».


Mikel GEREKA | Ituren

«Atzerrian ibili naizenetan oso ondo tratatua sentitu izan naiz beti. Nik ere gauza bera egin nahi dut»

Saharaztan Baztan-Bidasoko Saharar Herriaren Aldeko Elkartasun Taldeko kide izateaz gain, Bidelagun elkarteko lehendakaria ere bada Iturengo Mikel Gereka. Bada­ki, beraz, zer den boluntario lana egitea. 2002an hasi zen Bidelagunen, ikasketa ba­tzuk tarteko, praktikak Bidelagunen egitea erabaki zuenean. Elkartearen barne, atze­rritarren eremuan mugitu da batez ere, «atze­rritarren gaian, orain­dik emateko eta ikasteko asko dugulako». Eta bertzetik, sei urtez Saharako haurrak ere hartu dituzte etxean. Bertzearen larruan jartzeko gogo horrek bultzatuta hasi zen boluntario lanean Gereka: «atzerrian ibili naizenetan, oso ondo tratatua sentitu izan naiz beti, eta be­ne­tan eskertu izan dut bertzeek nireganako izan duten hurbilpena eta ateak irekiak izatea. Nik ere gauza bera egin nahi dut. Ez dugu ahaztu behar euskaldunok mi­gratzaileak izandakoak garela, eta oro har, oso ondo hartuak izan garela. Orain­ harrera­ gizartea izatea tokatzen zaigu». Gerekaren hitzetan, «gizartea gero eta indibidualistagoa da eta horren aurka egin nahi dut». Lan komunitarioan sinistu nahi duela ere aitortu digu, eta bat bertzearen laguntzarekin, gure inguru hurbila alda daitekeelakoan dago: «gure inguru hurbila aldatuta, egoera ere nolabait alda daiteke», dio. Iturengoarentzat «injustiziaren kontra gaudenontzat boluntario lana ate bat da», eta horrekin batera, bestearen larruan jartzeko saiakera bat egiteko gonbitea ere luzatu dio jendeari. Izan ere, «edozeini gertatzen ahal bai­tzaio, egoera okerragoan egotea».


Alfonso OBESO | Lesaka

«Zaharren irria ikusteak bakarrik bete egiten zaitu. Jendeari probatzeko eskatuko nioke»

Alfonso Obeso izan zen Lesakako Nagusilan Adinekoen Elkartearen bultzatzaile nagusia. Urteetan han eta hemen informazioa jaso ondotik, 2009ko otsailean zabaldu zituen ateak Lesakako Nagusilanek. Lehendik ere, zahar etxera bisita ba­tzuk egiten zituen Obesok, baina gehiago zabal­du nahian, egunkari batean Nagusilanen sortzaileetako bati egindako elkarrizketa batek arreta piztu, eta Nagusilanen ekitaldie­tara joaten hasi zen. Nagusilan Nafarroan sortu nahi ote zuen ere proposatu zioten, baina lanean ari zela eta, ezezkoa erran zien. «Jubilatutakoan, Nagusilanen Iruñeko elkartera joaten hasi nintzen eta 2009an Lesakan animatu ginen». Kontatu digunez, eta taldearen aurkezpenean ere halaxe adierazi zuten, «lehen helburua Lesa­kako beha­rrak betetzea da, baina Bortzirietara zabaltzea ere gus­tatuko litzaiguke». Ho­rretarako, ordea, taldeak gehiago indartu beharko luke. Hiru lagun dira gaur egun Lesakako Nagusilanen, «baina ilusioa badugu, eta behar ttiki batzuk guttienez betetzen ditugu». Zahar etxera bisitak egiteaz gain, etxez-etxe ere ibiltzen dira. Bolun­tario lana eginda, «satisfazio pertsonal haundiarekin» gelditzen dela aitortu digu Obesok: «zaha­rren irria ikusteak bakarrik bete egiten zaitu». Eta bera nola sentitzen den ikusita, jendeari «probatzeko eskatuko nioke». Dena den, herritar arruntei ez ezik, eskualdeko enpresei ere luzatu die mezua: «denak pasatu gara inguruko enpresetatik, eta gizarte lanean inplika­tzeko eskatuko nieke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun