Azaroaren 12an ezker abertzaleko hautetsiek Nafarroako Gobenruak bultzatutako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralari dagozkion elegiteak aurkeztu dituzte Nafarroako Gobernuaren erregistroan. Bertan izan dira Etxalargo alkate Patxiku Irisarri, Arbizuko alkateorde Fran Balda, Urdiango zinegotzi Oihana Gallo eta Altsasuko zinegotzi Juanjo Goikoetxea.
Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralarekin ez daudela ados adierazi zuten, “erabat aurka gaude bai planaren formekin, baita planarekin edukiarekin ere” adierazi du Patxiku Irisarrik.
Lehenik eta behin, horrelako plan batek eskatzen duen parte hartze eta eztabaida prozesua ez dela errespetatu adierazi dute eta publikoaren eskura jarritako dokumentazioak hutsune eta gabezia handiak dituela uste du Ezker Abertzaleak, “ez dago beste alternatiba ezberdinen inguruan aurrez egindako txostenik, ez eta analisirik ez eta horiek alde batera uzteko arrazoirik”. Planak errausketa hondakinak tratatzeko bide bakarra dela aipatzen du, eta ondorio horren aurka daude ezker abertzaleko hautetsiak, “errausketa oso ekimen kaltegarria eta arriskutsua dela, bai osasunarentzat baita ingurumenarentzat ere” azpimarratzen dute. Udalek, mankomunitateek eta partzuergoek hondakinen bilketaren eta kudeaketaren inguruan konpetentziak izan arren, “eztabaidan ez dira kontuan hartu eta gainera alternatibak bultzatzeko gaitasunik gabe uzten dira” salatu du Irisarrik.
Horregatik, Plana alde batera utzi eta “plan berri bat gauzatzeko egin beharrezko eztabaida eta parte hartze errealeko prozedura bat martxan jartzea” eskatu dute. Plan berriak lau helburuei erantzun behar die hautetsien ustez, “murrizpenari, berrerabilpenari, birtziklapenari eta prebentzioari”.
Nafarroako udaletan honen inguruko mozioak aurkezten eta eztabaidatzen ari direla ere jakinarazi zuten.