Azaroaren 10ean, asteazken arratseko 20:00etan botako den altxaferoarekin abiatuko dira Aurtizko San Martin bestak. Lehen suziria eta gero kalejira eginen da bertako txistulari eta trikitilarien eskutik. Ondotik zopak Aurtizko Ostatuan.
San Martin Eguna
Azaroaren 11n, ortzegunean, San Martin egun handia ospatuko dute aurtiztarrek. 10:00etan Argisoinuak izanen dira. 11:00etan Meza Nagusia Martin Donearen ohorez. 16:00etan haurrendako jokoak izanen dira. 18:00etan postre lehiaketa. 23:00etan mus txapelketa jokatuko da elkartean eta ondotik trikipoteoa izanen da bertako trikitilariekin.
Herritarren Eguna ortziralean
Azaroaren 12an, ortziralean, Herritarren Eguna ospatuko da. 10:00etan Argisoinuak joko dituzte musikariek. 14:00etan herri bazkaria eginen da elkartean, Sebastian Lizaso eta Iker Zubeldia bertsolariekin eta Joxe Anjel akordeoilariarekin. Gauez Zubietako Aierrik talde berriak dantzaldia eskainiko du.
Dantza eta trikitixa larunbatean
Azaroaren 13an, larunbatean, goizeko argisoinuen ondotik, 12:00etan Iturengo dantzariek emanaldia eskainiko dute. 17:00etan trikitixa jaialdia izanen da eta hau akitutakoan hauentzat berendua izanen da elkartean. Gauez dantzaldia izanen da Gabezin taldearekin.
Aizkora apustua igande eguerdian
Akitzeko, azaroaren 14an, igandean, 10:00etan Argisoinuak izanen dira. 11:00etan Meza Nagusia. 12:00etan aizkora apustua: Joxe Mari Olasagasti eta Oihan Larretxea alde batetik, Miel Mindegia eta Ander Erasun aurtiztarraren kontra ariko dira. 19:00etan patata tortilla lehiaketa jokatuko da elkartean. Ondotik herriko trikitilari gazteen eskutik dantzaldia izanen da, eta horrela emanen zaie bestei akabera.