Berako Kirol Batzordeak antolatuta Kirol Eguna eginen da aurten ere. Mugikortasun jasangarriaren inguruan herrian egiten ari den lanarekin eta “Herrian txirrindula” egitasmoarekin bat eginez, Bizikleta Besta izanen da azaroaren 7ko egitarauaren zutabe nagusiena.
Honela, 11:00etan, kiroldegi aitzinetik abiatuta herrian barna ordu erdiko bizikleta martxa eginen da, adin guzietako txirrindulariei zuzendua. Segidan, kiroldegi aitzinean haur eta gazteentzat bizikleta jokuak eginen dira. Ondotik, herriko txirrindulari profesionalen arteko lehia ikusteko aukera izanen da eta bukaeran opariak zozketatuko dira partehartzaileen artean.
Berako Kirol Batzordetik jakinarazi dutenez, euria eginen balu egitaraua bertan behera geldituko litzateke.