Baztan, Malerreka eta Bortzirietako hamahiru jatetxek parte hartuko dute aurten XVIII. aldiz eginen diren ehizari buruzko jardunaldi gastronomikoetan. Halaxe jakinarazi duten urriaren 28an Iruritako Olari jatetxean egindako aurkezpenean. Bertizko Turismo Partzuergoko gerenteak Izaskun Goñik, Olari jatetxeko Ruben Garatek eta informazio orrietan nahiz kartetan agertuko den irudiaren egile den Iciar Mikelperizena margolariak parte hartu dute aurkezpenean.
Bertizko Partzuergo Turistikoak antolatzen dituen jardueren artean, ohikoa bihurtu den ekimena da eta ortziral honetan, urriak 29, emanen zaio hasiera. Bukatu, berriz, azaroaren 28an eginen da eta bitarte horretan, 25 eta 35 euro bitarteko menuak eskainiko dituzte hamahiru jatetxek, tartean usoarekin, basurdearekin, oreinarekin, eperrarekin, galeperrarekin edo birigarroekin egindako plater bereziak dituztela, onddoak alde batera utzi gabe. Prezio horiei edariak eta BEZ gehitu behar zaizkie. Nafarroako ardoak plater hauen osagarri onak dira. Aurten antolakuntzan bi bodega nafarrek laguntzen dute: Inurrieta eta Palacio de Sada. Parte hartzen duten jatetxe batzuek, gainera, ardo eskaintza berezia eta somelierra dituzte.
13 jatetxeak
Hauek izanen dira ehizari lotutako menu bereziak eskainiko dituzten jatetxeak: Almandozko Beola, Arantzako Burlada eta Aterpe, Berako Zalain eta Lenkonea (Churrut), Donamariako Benta, Doneztebeko Ameztia, Elbeteko Posada, Igantziko La Villa, Iruritako Olari, Lesakako Koxkonta eta Bereau eta Oizko Posada. Joan den urtean baino hiru gehiago dira.
Partzuergoak menu bikain guztiak biltzen dituen folleto bat argitaratzen du. Folletoak jatetxeetan eta informazio turistiko puntuetan eskuragai egonen dira, baita www.consorciobertiz.org webgunean. Aurten, erakartasun handiko ekimena ere antolatu du Partzuergoak, Iruritako Olari jatetxeak Iciar Mikelperizena margolariaren erakusketa babesten baitu. Bidasoaldeko eskarmentu handio artista da, erakusketa ugari egin dituena eta honetan ehiza eta udazkenaren inguruko margolanak prestatu dituena.
Menu osoak, prezioak eta jatetxeekin harremanetan jartzeko telefonoak kontsultatzeko Bertiz Partzuergoaren web orrian daude, www.consorciobertiz.org-en.