Pilotarako Nafarroan dagoen afiziotik abiatuta, Pilotaren Ibilbidea sortu du Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak, Nafarroako Pilota Federazioarekin elkarlanean. Ekimenaren helburua bisitariei turismo, kultura eta kirol eskaintza egitea da eta Nafarroako 49 herri hartu dira horretarako. Turistei pilotaren hainbat modalitate erakutsiko zaizkie.
Aipatu, bertzalde, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, laxoa eta paxaka ondasun ukiezin izendatzeko aukera aztertzen ari da.
Sei eremu dituen ibilbidea
Ibilbideak sei eremu hartuko ditu, eta horietatik lehenbizikoa eskualdean barna igaroko da. Eremu honetako ibilbideak, Atlantikoa deiturikoak, hiru zati izanen ditu.
Lehendabiziko zatia Baztanen barna eginen da eta Arraioz, Elizondo, Elbete, Azpilkueta, Irurita eta Erratzu hartuko ditu. Herri horiek aukeratzearen arrazoia hau izan da Nafarroako Gobernuak azaldu duenez: «torneoak egiten dituzte joko zuzena zertan den erakusteko, eta hori da pilotaren jatorria».
Bigarrenen zatian, Narbarte, Doneztebe, Oiz, Sunbilla eta Lesaka sartu dituzte. Narbarte trinketea duelako aukeratu dute; Doneztebe Bear-Zana plazagatik: «plaza horretan dagoen eskuzko mekanismo batekin, paretaren parte bat errebote mugigarri bihurtzen zuten, bira emanda». Oizkoa «pilota luzea hain sustraitua dagoelako eta laxoa lehiaketako partidak egiten dituztelako». Sunbilla ere sartu dute: «udaletxeko arkupean biltzen ziren herriko pilotazaleak». Eta arrazoi bera erabili dute Lesaka hautatzerakoan ere.
Hirugarren zatian Eratsun, Leitza eta Goizueta hartu dira, «hiru herri horietan eskupilotari ospetsuak jaio direlako». Eratsunen kasuan, Retegi anaiak: «Juan Ignacio Retegi (Retegi I.a) eta haren iloba Julian (Retegi II.a), Eratsunen jaio ziren eta txapelketa asko irabazi zituzten 70. hamarkadatik 90. hamarkadara. Leitzari dagokionean, «pilotari askok ikasi dute pilotan jokatzen plazako frontoian, eta gero profesional gisa aritu dira». Horren adibide Bengoetxea eta Barriola familiak aipatu dituzte. Goizueta ere ez dute aparte utzi, Olaizola pilotariak bertakoak direlako.
Euskarriak lau hizkuntzatan
Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez dauden euskarriak paratuko dira herriz herri. Donezteben, Elizondon, Leitzan eta Lesakan, erraterako, informazio panelak (1,6 x 1,2 metrokoak) paratuko dira ibilbideen mapa eta informazio orokorra eta herriko informazio zehatza emateko. Arraioz, Eratsun, Erratzu, Goizueta, Irurita eta Sunbillan, 0,3 x 0,4 metroko plakak paratuko dira eta Azpilkueta, Elbete, Elizondo (Antxitonea trinketea), Narbarte eta Oizko frontoietan ttikiakoak, 0,2 x 0,2 metrokoak.