55 puntu eskuratu ditu Jabier Mariezkurrenak gidatzen duen Truck Navarra taldeak Europako kamioi lasterketako txapelketan, iazkoaren hirukoitza. 11. akitu du txapelketa, sekulan izan duen emaitzarik onenarekin. Gainera, lehenbiziko aldiz, Sponsors Challenger txapelketa irabazi du.
Urriko lehen asteburuan Jaraman (Madril) lortutako emaitza txarrek, halere, zapore gazi-gozoarekin utzi zuten taldea, urte osoko emaitza onak erakusteko asmoarekin atera zelako. Lehenbiziko sailkapen txandan, bi dezimagatik ez zuen lortu Mariezkurrenak superpolean sartzea. Baina Mika Mäkinen finlandiarrak emandako kolpeak zapuztu egin zituen itxaropenak. Mäkinenekin lehian ibili zen, eta azkenean biak zigortu zituzten: finlandiarra legezkoak ez ziren maniobrak egiteagatik eta Mariezkurrena, bertzearen gibeletik, orduko 162 kilometrora ailegatzeagatik.
Larunbateko bigarren karreran 9. postuan akitu zuen. Eta igandeko sailkapen proban superpolea lortu zuen, 10. sailkatuta. Baina asteburuko hirugarren lasterketan, istripua izan eta 14. akitu zuen. Laugarren saioan ongi hasi arren, olio, gasoleo eta euria tarteko, segurtasunagatik erretiratu egin zen.
Azken saioan ez zuen denboraldia borobiltzerik izan, baina ederki aritu da aldi honetan ere.