Migel Latasa zena gogoan, aurten hirugarren aldiz, Arrutenea Etxea Esku Pilota Txapelketa jokatuko da igande honetan, urriak 31. Arruteneko semea zen Migel Latasak bizitza guzia eman zuen pilotaren munduan; erremontean eta palaz aritu zen afizionatu mailan, eta urte aunitzez Federazioaren barne ere lan egin zuen hautatzaile gisa. Herriaren alde lan egiteko ere aprobetxatu zituen Federazioan egindako urteak, eta bera izan zen oraingo pilotalekuaren bultzatzaile haundiena ere.
Txapelketa hau, hain zuzen, Migelen oroimenez egiten da eta Migel Mari Latasa bere semeak antolatzen du, Antton Espelosinen laguntzarekin. Arrutenea Etxeak daukan frontoi ttikian jokatzen dira pilota partidak, eta Espelosinen hitzetan, «nahiz eta frontoi ttikia izan, sekulako partidak ikusten dira eta hurbildutako jendea gustura joaten da etxera».
Lau partida
Aurtengo saioa 11:00etan hasiko da eta guztira lau jokatuko dira. Lehendabiziko partidan, Yago Cantero (Bera) Mikel Eltzaurdiaren (Bera) kontra ariko da; bigarren lehian Enaitz Telletxea (Igantzi) eta Oihan Canabal (Igantzi) ariko dira aurrez-aurre; hirugarren partidan Iker Espelosin herritarra Enaitz Ansoren (Mugairi) kontra ariko da eta azken saioan, David Albiasuk (Narbarte) eta Ander Errandoneak (Bera) jokatuko dute. Partidak akitu ondotik, luntxa izanen da bildutakoendako.