Eguraldiak lagunduta, Usategietako Igande goizean jende andana ibili zen Usategietan, nahiz eta sareetan nola ehizatzen duten ikusteko aukerarik ez zen izan. Arratsaldean Patxin eta Potxinen ikuskizunera ere haur aunitz hurbildu zen eta dantzaldiarekin eman zitzaion akabera egunari.
Urtero bezala, zozketa ere egin zen eta lehenengo saria, 12 uso bizirik, Garbiñe Maiak eraman zuen. Bigarren saria, bi lagunentzako afaria, Jesus Arribilagak irabazi zuen. Kanpin dendaren irabazlea oraindik ez da agertu; zenbakia hauxe da: 4.935. Boleto hau duena Altxatara hurbil dadila.
Amaia Zubiriaren kantaldia
Urriaren 15ean Amaia Zubiriak Elizan kantaldia eskaini zuen Edorta Muruak gitarrarekin lagunduta. Ordu bat eta erdiko saioa izan zen eta denetik entzuteko aukera izan zuten bildutakoek; kantu zaharrak, bere kantuak... Ekitaldi arrakastatsua izan zen antolatzaileen erranetan.
Tortilla txapelketa
Bertze urte batez, gazteek antolatuta patata tortilla txapelketa izan zen urriaren 16an. 11 hirukotek parte hartu zuten eta irabazleak Amaia Agirre, Beñat Irazoki eta Aintzane Iturria izan ziren. Epai-mahaia hiru ostatuetako nagusiek osatu zuten. Giro ederrean joan zen ilunabarra eta La Basquen gazteen afariarekin eman zitzaion bukaera egunari.