Emakume baserritarren begirada argazkietan ikusteko aukera izanen da abenduan Donezteben

Gurutze Pikabea 2010eko urriaren 28a

Emakume baserritarren erakusketan dauden 60 argazkietako bat. Rakel Rico

Nafarroako 24 emakume baserritarren argazkiekin prestatutako erakusketa herriz herri dabil

Nafarroako 24 emakume baserritarri ateratako 60 argazkirekin erakusketa osatu dute Rakel Rico Berako argazkilariak eta EHNE sindikatuak. Abenduko zubian Doneztebera ekarriko dute, eta ondotik Baztanera eta Berara eramatea da asmoa.

MAITE DUEN LANBIDEA
«Herri batean nekazari inguruak bizitza haundia ematen du»
Juana Mari GORTARI. Zigako baserritarra.

HERRIAN GELDITZEKO
«Herrian bizitzeko aukera bat nahi genuen eta bide hori hartu genuen»
Maider AZKARATE. Anizko baserritarra.

ERAKUSKETA
«Emakume baserritarren lana jendeak ezagutu eta baloratzea nahi dugu»
Mariado ITURRALDE. Donamariako baserritarra.

Etxe barrenean zein kanpoan, bietan aritu izan dira urteetan emakume baserritarrak; aziendak gobernatzen, baratzean, etxeak txukuntzen edo otorduak prestatzen, adinekoak zaintzen… Eta beti isiltasunean. Zenbaitetan egoera zertxobait aldatu bada ere, oraindik badira horrelako kasuak. Eta horixe da, hain zuzen, Emakume Baserritarren Begiradak izeneko argazki erakusketan islatzen dena.
Nafarroako 24 emakume baserritarren  historiak biltzen ditu EHNE sindikatuak eta Rakel Rico argazkilari beratarrak elkarlanean egindako erakusketak. Abenduko zubian Donezteben izanen da ikusgai 60 argazkiz osatutako erakusketa, eta ondotik Baztanera eta Berara eraman nahi da.
Argazkigintza artistikoa ikasten ari zela, proiektu bat aurkeztu behar izan zuenean, emakumea eta baserria gaiak aukeratu zituen Rakel Rico beratarrak. EHNE sindikatuak 2008an Bertizen egindako emakume baserritarren inguruko topaketara joan eta orduan ezagutu zituen gerora argazkietan atera zituen emakumeak. Argazki horiek dira Nafarroan herriz herri dabiltzan erakusketan ikus daitezkeenak, eta horietako aunitz eskualdekoak dira: Martina Ormart (Elizondo), Josefa Loiarte (Zubieta), Marian Aranibar (Bera), Maider Azkarate eta Igone Oteiza (Aniz), Lourdes Argain (Narbarte), Mariado Iturralde (Donamaria) eta Juana Mari Gortari (Ziga). Adin eta alor desberdinetakoak dira: esnetako edo haragitako behiak dituzte batzuek, ahuntzak edo oiloak bertzeek...  Eta argazkiez gain, emakumeen esaldi batek laburbiltzen du bakoitzaren egunerokoa.

Denbora librerik gabe

Baserritarren Begiradak erakusketan ageri diren historietako bat sortzez Zigakoa, baina Elizondon bizi den Juana Mari Gortariren kasua da. Egunero 07:00 aldera jaiki eta etxeko lanak egin ondotik, Zigan duen baserrira joaten da, bere sortetxera. Behi gorriak ditu, haragitakoak, eta urteko sei hilabetetan kanpoan eta bertze sei hilabetetan barrenean edukitzen ditu. Orain, kanpoan dituela, beretzako garai hauek «oporrak bezala direla» kontatu digu, baina «oporretan» egonik ere, egunero joan behar haiengana: «batek mina duela, urik gabe gelditu direla… Beti bada zerbait». Horrela joaten zaio eguerdira bitarteko denbora. Eta arratsaldea, berriz, baratzea, baserri inguruak eta belagaiak txukuntzen ematen du: «lan haundia da garbi edukitzea». Aitzurra, aihotza eta igitaia dira bere lantresnak. Asteburuetan, senarraren laguntza izaten du baserrian, eta semeak ere ba omen du afizioa eta botatzen omen dio eskua. «Nik beti bulkatzen dut, merezi duelako. Herri batean nekazari inguruak bizi haundia ematen du», dio.
Ez da, ordea, hor akitzen bere lana. Seme-alaben arduraz gain, etxean duen 86 urteko ama ezin baitu denbora aunitzez bakarrik utzi: «belagia garbitzera joatean ere sakelekoarekin joaten naiz eta noizean behin deitu egiten diot ongi dagoen jakiteko». Etxe barrenekoa ere tokatzen zaio Gortariri: «amak aitzineramendu guziak baditugula erraten dit, garbigailua, aspiragailua… Lehenagoko emakumeek isiltasunean lan ikaragarriak egiten zituzten baina orain ere bada lana. Etxe haundiak dira eta animaleko lanak izaten dira».
Egiteko aunitz izanagatik ere, eta denbora libre sobera eduki ez arren, gustukoa du bere egunerokoa. Baserritik kanpoko lana ezagutu zuen ezkongabea zela, eta baserrikoa «diferentziarekin» nahiago duela dio: «bertze libertade bat ematen du, nahiz eta aunitzetan izorratua hantxe aritzen naizen».

Eredu berria
Hagitz bertzelakoa da Anizko Maider Azkarate gaztearen kasua. Baserriko lana da berea ere, baina bertze gisa batera antolatua. Egunerokoa «diferentea» izaten dute Anizko Jauregia gasnategian: «behi gasnak egiten ditugu, jogurtak ere bai, makinarako esnea egin, banaketa, garbiketa…». Gasnategiko lanak hiru emakumeren artean egiten dituzte –Maider, Ana eta Igone– eta behiez eta kanpoko lanez Maiderren bi anaiak arduratzen dira, Aitor eta Mikel.
Kontatu digunez, gasnategiko aferekin joaten zaie goiza –batzuetan gehiago ere bai–, eta arratsaldean bertzelako egitekoekin aritzen dira: paperak, ikastaroak, bilerak, landetxeko aferak... «Gure egunak horrelakoak dira, behin ere ezin da pentsatu biharamunean zer egin behar duzun». Etxe barreneko lanak, berriz, bikotekidearen eta bien artean egiten dituzte eta hori, zenbaitetan egoera aldatu den seinale da.
Ttikitatik ezagutu izan du baserriko lana, «aitatxik behiak zituen, eta gero aita gelditu zen. Mikel sartu zen gerora eta Aitor ondotik».  Bera, aldiz, ikasketak akitu zituenean sartu zen gasnategian, eta kontent dagoela aitortu digu: «Herrian bizitzeko aukera bat nahi genuen, herrian edo zonaldean ez dago lanerako aukera haundirik, eta landetxea eta behiak bagenituenez, bide hori hartu genuen». Baserritik bizitzeko bide berriak jorratu izanaren adibide garbia da Jauregia gasnategikoa; haize berriak ekarri zizkioten baserriari, eta etorkizunera begira ere, badute segitzeko asmoa.

Emakumearen lana baloratzeko eskaria

Hiru helburu argirekin prestatu dute erakusketa eta Mariado Iturralde EHNEko kide eta Donamariako baserritarra denak eman dizkigu horien berri: «alde batetik, emakume baserritarren lana  jendeak ezagutzea eta baloratzea nahi dugu; bertzetik, zerbitzu falta hori salatu nahi dugu eta azkenik omenaldia egin nahi diegu lehengo baserriko emakumeei».
Izan ere, isiltasunean baina lan haundia egindakoak dira emakume baserritarrak, eta beharbada egin dutena sobera baloratu gabea izan da. Azkaratetarren kasuan, gauzak aldatu egin dira, eta berdintasunean lan egiteko modua bilatu dute. Iturralderentzat, ordea, Azkarateren kasua «berezia» da. «Jende gaztea bertze mentalitate batekin ari da, eta bertze nekazaritza mota batez ari gara, hainbertze loturarik ez duena. Baina zonalde honetako baserri aunitzetan adineko aunitz dago baserrietan eta hori eta etxe barreneko lanak ere emakumeek egiten dituzte ia %100ean. Nire kasuan, azienden lan batzuk egiten ditut eta anaiak bertzeak, baina ama zaindu behar dut eta otorduak ere prestatu behar ditut». Horregatik, uste du emakume batek gustura lan egiteko zerbitzuak falta direla.
Kasu bakoitza diferentea da, baina denak dira emakumeak eta denek dute baserria ogibide. Euren begira hurbiletik ezagutzeko aukera ederra da Emakume Baserritarren Begirada erakusketa.

RAKEL RICO, BERAKO ARGAZKILARIA. «Ikusi arte ez zara konturatzen zer nolako lana egiten duten emakume baserritarrek»

• Nolatan gogotu zitzaizun emakume baserritarrei argazkiak ateratzea?
Argazkilaritza artistikoa ikasten ari nintzela, bukaerako proiekturako gai bat aukeratu behar genuen eta nik garbi nuen emakumeari buruzko zerbait egin nahi nuela. Egun haietako batean, EHNE sindikatuak emakume baserritarren inguruko topaketa bat egin zuen eta informatzera joan nintzen. Hantxe hasi zen dena.
• Lan zaila izan al da?
Hasieran bai, ez genekien zer nolako argazkiak nahi genituen, baina azkenean argazki asko atera eta gero lortu genuen. Lan zailena argazkiak aukeratzea izan zen, emakume ugari baitziren. Lau hilabetez ibili nintzen argazkiak ateratzen eta bi hilabete joan ziren argazkiak aukeratzen eta erakusketarako dena prestatzen.
• Zer ikasi duzu?
Nafarroa alde batetik bertzera gurutzatu dut, eta ezagutzen ez nituen herriak  eta 24 emakume ezberdin ezagutu ditut. Esperientzia bikaina izan da, emakumeen begiradak irudikatzeaz gain, euren esperientziak entzuteko aukera izan dut.
• Nola ikusten duzu emakume baserritarren egoera?
Ikusten duzun arte ez zara konturatzen zer nolako lana egiten duten, aitortzen ez den lana. Etxeko lanak egin eta aldi berean zaharrak edo haurrak zaintzea zaila da, haientzat ez dute denbora librerik.
• Zerbait gaineratuko zenuke?
Erakusketa ekartzean jendea  ikustera joateko animatu nahi dut eta denen gustukoa izatea espero dut. Eta  EHNEri eta emakume guziei eskerrak eman nahi dizkiet aukera honengatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun