Doneztebe eta Lapurdiko Getaria lortuko dituen Circuldouce izeneko proiektuaren aurkezpena egin zen urriaren 26an, astearte goizean Irungo Herriko Etxean. Honen helburua, bi herri horien artean motorizatu gabeko zirkulaziorako ibilbide “goxoa” eskaintzea da, eta aldi berean, Baiona-Iruña ibilbidearen zati bat ere izanen da. Mugaz gaindiko ibilbide hau Eurovelo europar ibilbide baten barrenean dago; ibilbide horrek, 8.200 kilometrotan barrena, Noruegako Ipar Lurmuturra eta Sagres (Portugal hegoaldean) lotzen ditu.
Aurkezpen ekitaldian, Hondarribia, Irun, Hendaia, Donibane Lohizune eta Getariako udal ordezkariekin batera, Jean-Jacques Lassarre Atlantiar Pirinioetako Kontseilu Nagusiko presidente ordea, Martin Garde Bertizko Partzuergoko presidentea eta Nafarroako Gobernuko ordezkari bat izan ziren.
Circuldouce ibilbide honek, lehendik erakunde ezberdinek egindako lana bildu egiten du nolabait. Izan ere, Hendaia, Irun eta Hondarribiako udalek Txingudiko badiako ibilbidea egokitua zuten oinezko eta bizikletendako; Atlantiar Pirinioetako Kontseiluak Baiona eta Hendaia arteko txirrindularitza ibilbidearen bideragarritasun estudioa egona zuen eta Bertizko Partzuergoak ere hitzarmena sinatua du Nafarroako Gobernuarekin Bidasoako trenbideareb Endarlatsa eta Doneztebe arteko zatia 2012rako egokitzeko.
Egitasmo honen azken helburua, senidetuak dauden Baiona eta Iruña motorizatu gabeko ibilbide batekin lotzea da. Egitasmo horren lehen zatia da Doneztebe eta Getaria arteko zatia, 2013ko lehen hiruhilekoan errealitate izanen dena. Egitasmoak 60 kilometro ditu, dagoeneko prestatuta dauden 50 kilometroko bide berdea edo txirrinda-bidea barrenean sartzen dela, eta gainerakoa dentsitate guttiko trafikoko errepidean barrena edo orduko 30 kilometroko murrizketa duten zonaldeetan. Proiektuak 8 milioi euroko kostua dauka (BEZ gabe), eta zenbateko horren %65a Europako funtsetatik dator (5.200.000 euro).
Eurovelori buruzko interpretazio zentroa Irunen
Bultzatzeko ekintzen barrenean, 1. zenbakiko Eurovelori buruzko Interpretazio Zentro bat Irunen egokitzea aurreikusita dago. Antzinako aduanaren eraikinean kokatuko da, eta proiektu honek gaur egun abandonatuta dagoen eraikin hori errekuperatzen lagunduko du. Proiektu hau aurrera eramateko, Irungo Udalalak aurretik lortu Estatuak eraikina uztea, bera baitzen jabea.