Bide Berdeen Foroa ospatu zen urriaren 21ean Bertizen

TTIPI TTAPA 2010eko urriaren 22a

Bide Berdeen Foroko partehartzaileak, Bertizko jauregiaren atarian. Juan Mari Ondikol

Bidasoa eta Plazaolako Bide Berdeetarako egitasmoen berri eman zen

Bide Berdeen Foroa ospatu zen urriaren 21ean, ortzegun goizean Bertizen, Bide Berdeen Fundazioak eta Bertizko Turismo Partzuergoak antolatua. Solasaldi eta mahainguruen artean, Bidasoako eta Plazaolako Bide Berdeetan egin gogo diren lanen berri eman zuen Fermin Villanuevak, Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuko Antolaketa Zuzendariak.

Bide Berdeen Foroa ospatu zen urriaren 21ean, ortzegun goizean Bertizen, Bide Berdeen Fundazioak eta Bertizko Turismo Partzuergoak antolatua.

Partehartzaileei harrera egin ondotik, foroaren inaugurazioa egin zen. Ekitaldian parte hartu zuten Fermin Villanueva Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuko Antolaketa Zuzendariak, Martin Garde Bertizko Partzuergoko presidenteak, Carolina García, Espainiako Ingurumen Ministerioko ordezkaria, Angel Boillos, Gas Natural Unión Fenosako zuzendari nagusia eta Carmen Aycart, Espainiako Trenbideen Fundazioko Ingurumen Jardueren eta Bide Berdeen zuzendariak. Hain zuzen, Carmen Aycartek, Fermin Villanuevak eta Carolina Garcíak eskaini zuten lehen solasaldia, “Instituzioen elkarlana Bide Berdeen garapenean” izenburupean.

Atsedenaldiaren ondotik, Nafarroako Bide Berdeei buruz aritu ziren Izaskun Goñi Bertizko Partzuergoko gerentea, Jose Mari Aierdi Plazaolako Partzuergoko presidentea, Fidel Mugertza TEDER Elkarteko presidentea eta Francisco José Lamata, Tarazona eta Moncayo eskualdeko presidentea.

Hirugarren eta azken solasaldian, “Turismoaren dinamizazioa eta garapen iraunkorra Bide Berdeetan” izenburupean, Arantxa Hernandez Espainiako trenbideen Fundazioko arduraduna, Emili Mató Gironako Bide Berdeen Kontsortzioko gerentea eta Patricia Ilundain, Errioxako Gobernuko Bide Berdeen burua aritu ziren.

Foroko partehartzaileak bazkaltzera bildu ziren eta arratsaldean, Bidasoko Bide Berdera bixita egin zuten.

 

Bidasoa eta Plazaola

Fermin Villanueva, Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuko Antolateka Zuzendaria Bidasoa eta Plazaolako trenbideetaz aritu zen.

Bidasokoari dagokionez, Eurovelo proiektuan sartzeko egin behar den 800.000 euroko inbertsiotik %35a Nafarroako Gobernuak jarri duela gogoratu zuen eta 2012an Doneztebetik Saldias eta Orokietan barna Irurtzunekin lotzeko asmoa azaldu zuen.

Plazaolako trenbideari buruz, berriz, Leitzako estazioan bertze solairu bat egiteko 300.000 euroko inbertsioa egin dela aipatu zuen. 2012an eta 2013an 150.000na euroko inbertsioa eginen dela ere jakinarazi zuen, 300.000 euro guzira, estazioa barrenetik moldatzeko eta bertan aterpe turistikoa, BTT zentroa eta informazio puntua egokitzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun