Beñat Oronoz lesakarra Nafarroako 22 urtez beheitiko txapelketako finalista

TTIPI TTAPA 2010eko urriaren 14a

Kategorian jokatzen duen lehen urtean, 22 urtez beheitiko buruz buruko txapelketaren finalerako txartela lortu du Beñat Oronozek. Artxiboko argazkia

Errekakoak 18-12 irabazi zion finalerdian Txarutako Antton Jauregiri

Erreka elkarteko Beñat Oronoz pilotari lesakarrak Nafarroako 22 urtez beheitiko buruz buruzko pilota txapelketaren finala jokatuko du. Oraindik ez daki non eta noiz ariko den, ezta noren kontra ere, baina kategoria honetan ari den lehen urtean, finalera ailegatzea lortu du 18 urteko lesakarrak. Izan ere, iaz 18 urtez beheitiko txapelketa irabazi ondotik hasi da aurten 22 urtez beheitiko kategoria honetan, eta bikain ibili eta gero azken partidarako sailkatu da.

Erreka elkarteko Beñat Oronoz pilotari lesakarrak Nafarroako 22 urtez beheitiko buruz buruzko pilota txapelketaren finala jokatuko du. Oraindik ez daki non eta noiz ariko den, ezta noren kontra ere, baina kategoria honetan ari den lehen urtean, finalera ailegatzea lortu du 18 urteko lesakarrak. Izan ere, iaz 18 urtez beheitiko txapelketa irabazi ondotik hasi da aurten 22 urtez beheitiko kategoria honetan, eta bikain ibili eta gero azken partidarako sailkatu da.

Urriaren 13an, asteazken arratsaldean jokatu zuen finalerdietako partida Txarutako Antton Jauregiren kontra. Partida arraroa izan zen, Beñatek ez baitzuen daukan guzia eman, baina halere beti aitzinetik izan zen: 7-0, 10-8, 17-8 eta 18-12. Bi pilotariek ongi ezagutzen dute elkar, aunitzetan bikote egiten baitute. Oronozek ez zion probetxurik atera bere armarik onenari, sakeari, baina ustekabean bortz tantu dejadaz egin zituen. Gainera, bertze lauzpabortz pilota zazpitik gibelera bota zituen. Jauregik gogor borrokatu zuen, baina ezin izan zion lesakarrari aurre egin.

Aipatu bezala, Oronozek jubenil mailan Nafarroako buruz buruko txapelketa irabazi zuen iaz, GRAVN txapelketan azpitxapeldun izan zen eta binaka ere zenbait txapel irabazi zituen. Orain, buruz buruko finalaren esperoan, Diario Vasco txapelketan ere ari da bikoteka, preziski Jauregirekin bikote eginez.

 

Errekako pilotariak Nafarroako Kirol Jolasetan

Nafarroako Kirol Jolasetan, Errekako pilotariek etxetik kanpo jokatuko dituzte partida gehienak, larunbat goizean.

Hirugarren mailako benjaminetan, Sarratea eta Santesteban Aralar Mendiko bikotearen kontra ariko dira Uharte Arakilen. Burlatan, Zugarraldeko bikoteen kontra ariko dira hirugarren mailako alebinetan, Mindegia eta Erasun, eta bigarren mailako infantiletan Saldias eta Zozaia. Bigarren mailako jubeniletan, Aurrerako bikotearen kontra ariko dira Elizalde eta Rojo Leitzan. Hirugarren mailako alebinetan, Errekako Saldias eta Zelaieta Ardoiko bikotearen kontra ariko dira Zizur Nagusian. Lehen mailako alebinetan, Errekako Salaberria eta Zubizarreta Aldabideko bikotearen kontra ariko dira Arbizun. Hirugarren mailako kadetetan, Errekako Juanena eta Mikelarena Atarrabiako bikotearen kontra ariko dira Atarrabian. Bigarren mailako benjaminetan, Errekako Zabala eta Zestau, Oberenako bikotearen kontra ariko dira Iruñean. Lehen mailako jubeniletan, Errekako Irail Zestau eta Mikel Maia, Oberenako Idoate eta Larraiaren kontra ariko dira. Lehen mailako infantiletan, Errekako Fagoaga eta Sein, San Juan taldeko bikotearen kontra ariko dira Iruñean.

Lesakako pilotalekuan, lehen mailako kadetetan, Bortzirietako Unai Telletxea eta Jon Olaizola Txarutako Trantxe eta Untxaloren kontra ariko dira, larunbatean 10:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun