Maila Nagusiko finalean aritu dira Larretxea aita-semeak lehen aldiz

TTIPI-TTAPA 2010eko urriaren 14a

Oihan Larretxeak lehen aldiz hartu du parte Maila Nagusiko finalean, eta Donato aita izan du kontrarioetako bat. Artxiboko argazkia

Donato hirugarren izan da eta Oihan bosgarren

Etxarri-Aranatzen jokatu zen urriaren 3an, Nafarroako Maila Nagusiko Txapelketaren finala, eta herriko semeak, Floren Nazabalek, jantzi zuen txapela seigarren aldiz. Lehen kanaerdikoa kenduta, gainerako saio osoan aritu zen aitzinetik txapelduna. Baina nabarmentzeko bertze kontua Donato eta Oihan Larretxea aita-semeak biak lehendabiziko aldiz finalean aritu izana da. Aita hirugarren gelditu zen eta bosgarren postuan semea.
Gainerakoan, lan erdietan (bosgarren enborra, lehen oinbikoa) Nazabalek minutu bateko aldea kendu zion Juan Jose Lopez txapeldunordeari, Donato Larretxeari 3 minutu eta 5 segundoko tartea, Antonio Senosiaini 3 minutu eta 13 segundokoa eta Oihan Larretxeari 5 minutu eta 34 segundokoa.
Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako, bi oinbiko, bi 60 ontzako eta bi kanaerdiko ebaki behar izan zituzten eta honela gelditu zen sailkapen nagusia:  Floren Nazabal (Etxarri Aranatz) garaile 28:18ko denbora egin ondotik; Juan Jose Lopez (Lezaun) bigarren (29:57); Donato Larretxea (Arantza) hirugarren (33:28); Antonio Senosiain (Olague) laugarren (37:30) eta Oihan Larretxea (Bera) bosgarren (41:57).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun