Urriaren lehena eta hamarra artean, hamarnaka partida jokatu dira Paue, Lescar eta Oloruen Munduko 16. Pilota Xapelketaren karietarat. Hiru herritar agertu ziren hantxe: Paxkal Haroçarene epaile olhatarra, Jean Michel Mendi entrenatzaile amoztarra eta Damien Aguerre 19 urteko pilotaria.
Partida galdu
Goñi eta Aguerrek 22-3 galdu zuten Hegoaldeko Irigoien eta Herviasen kontra. Aguerrek porrota jasan zuen Pauen, baina aipagarria da bide ederra egin duela orain arte. Sei urtetan pilotan jokatzen hasi zen Jean Ithourria irakaslearekin eta zonbait xapelketa irabazi izan ditu plaza laxoan eta trinketan. Bertzaldean ere doi bat aritu da ezker paretan. Baina hara, hirugarren jokoa izanez, argi da Iparraldekoek ez dutela gauza haundirik erdiesten ahal Hegoaldekoen aitzinean, han ttiki-ttikitik ezker paretan baizik ez baitira aritzen. Alde haundia bada Ipar eta Hegoaldeko pilotarien artean ezker partean jokatzeko eta hori gertatu zaio Pauen Aguerreri, burua makurtu izan behar duela bertze aldekoen aitzinean.