Frantziako Pau hirian urriaren 1etik 10era jokatu den Munduko Pilota Txapelketan emaitza onak lortuta itzuli dira etxera eskualdeko pilotariak. Guztira gure eskualdeko bortz pilotari aritu dira (hori bai, Euskal Herriak ofizialki parte hartu ezin duenez, hiru herrialde ezberdin ordezkatzen), eta bi modalitatetan izan dira txapeldun.
Onsalo aresoarra buruz buru txapeldun
Unai Onsalo aresoarrak frontoi osoan eskuz banakako modalitatean eskuratutako garaipena da nabarmentzeko emaitzetako bat. Aresoko gaztea Espainiako ordezkari izan zen. Medina mexikarra, profesional ohia, izan zuen aurkari finalean eta 22-20 irabazi zuen. Modalitate berean, laugarren postuan ere inguruko ordezkari bat gelditu zen. Tony Huarte amaiurtarra Ameriketako Estatu Batuetako taldearekin aritu zen eta laugarren izan zen.
Binaka urrea Mololo Irigoien lesakarrarentzat
Eskuz binakako txapelketan, Migel Mari "Mololo" Irigoien lesakarra ere garaile izan zen. Untoria lagun zuela. Espainiako ordezkariek 22-17 irabazi zieten Medina eta Alcantara mexikarrei. Kategoria berean, Xabi Arraztoa iruritarrak Frantziako taldean jokatu zuen, eta Gognyrekin bikotea osatuz hirugarren sailkatu zen, brontzerako lehian Venezuelako Urzelai eta Salinas-i 22-7 irabazi ondotik.
Pala motzaren modalitatean, bertzalde, Xabier Zozaia lesakarra azpitxapeldun gelditu zen. Velilla lagun zuela, finalean 39-40 galdu zuen Frantziako Iris eta Brefel-en kontra.