Jende solidarioari deskontuak egiten dizkioten landetxeak ere badira

TTIPI-TTAPA 2010eko urriaren 13a

Gure eskualdean bi dira ekimen honekin bat egin duten landetxeak: Zugarramurdin bat eta Etxalarren bertzea. Argazkian Zugarramurdi ageri da. Artxiboko argazkia

Landetxe solidarioak deitzen dira eta eskualdean bi daude: Zugarramurdin eta Etxalarren

EZAUGARRIAK. Landetxeko jabeek %10eko deskontua egin behar diete organu edo odol-emaileei, GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeko kide direnei... Bertzela, egonaldiaren preziotik %15 GKEtara edo elkarte batera bideratu behar dute, bezeroak hala nahi badu. Bi baldintza horietako bat aukera daiteke.

Bisitariei lo egiteko eta jateko tokia eskaintzen dieten landetxeak dira. Ez, ordea, bertze gainerakoak bezalakoak; landetxe solidarioak baitira. Gobernuz Kanpoko Erakundeekin eta irabazi asmorik gabeko entitateekin kolaboratzeak  eta jende solidarioari beherapenak egiteak bereizten ditu gainerakoetatik. Eta duela urtebete inguru elkarte batean bildu ziren: Landetxe Solidarioen Elkartean, alegia. Castellongo (Herrialde Katalanak) landetxe bateko jabe bat izan ekimenaren bultzatzailea. Badirudi, bera lehenagotik hasia zela jendearen solidaritatea eskertzen.
Elkartea sortu zenetik urte batera, estatu espainiarrean 67, Hego Euskal Herrian sei eta gure eskualdean bi dira gisa honetara lan egiten dutenak: Zugarramurdiko Haitzetxea eta Etxalarko Saroiberrikoborda.

Baldintzak

Bi dira landa turismoko ekimen honetan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak edo aukerak. Alde batetik, landetxeko jabeek %10eko deskontua egin behar diete organu edo odol-emaileei, GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeeko kide direnei, gizarte boluntarioei... Bertzela, egonaldiaren preziotik %15 GKEtara edo elkarte batera bideratzeko eskubidea izanen du bezeroak, hala nahi izanez gero. Ordaindu beharrekotik deskontatu eginen litzateke aipatu zatia.
Bezeroek, beraz, bi eskaintza hauetako bat aukera dezakete. Guttieneko bi baldintza hauetatik aitzinera, landetxe bakoitzak erabakiko du noraino izan solidario.
Zugarramurdiko Haitzetxean, adibidez, odol-emaileei eta Gurutze Gorriko langile eta kolaboratzaileei %10eko deskontua egiten diete, eta Gobernuz Kanpoko Erakunderen bat diruz laguntzeagatik %15eko beherapena izanen dute bisitariek. Eta Etxalarko Saroiberrikobordan, Gobernuz Kanpoko Erakundeetara %15 bideratzeko aukera eskaintzen da.
Informazio gehiago jasotzeko www.casasruralessolidarias.com-en.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun